Hipoteken jaitsiera handiak ez du eraginik etxeen prezioan

Kutxabanken azterketa baten arabera, sinaturiko hipoteka maileguen kopuruak %9,7 egin du behera aurten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %2,1 Nafarroan. Haien zenbatekoa, berriz, %0,4 handitu da.

Etxeak erosteko eskaintza etxe agentzia baten erakusleihoan.
Etxeak erosteko eskaintza etxe agentzia baten erakusleihoan.
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko azaroaren 21a
15:35
Entzun

Hipoteka maileguen merkatuak beherakada nabarmena izan du aurten Hego Euskal Herrian, eta joera horri eutsiko dio hurrengo urtean. Interes tasen igoera eta pandemiaren osteko ezohiko eskaera kopuru handiari ezin eustea dira merkatua hoztu izanaren arrazoi nagusiak. Horiek dira Kutxabankek hipoteka merkatuaren bilakaerari buruz eginiko ikerketaren ondorioetako batzuk. Beherakada horrek, baina, ez du eraginik izan maileguan eskatzen den diru kopuruan, hura handitu egin baita.

2023an %9,7 murriztu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sinaturiko hipoteka maileguen kopurua, eta %2,1 Nafarroan sinaturikoena. Ikerketan, bi eremu horietan banatuta eman dituzte Hego Euskal Herriko datuak. Kutxabanken, %3,5 murriztu dira. Jaitsiera handiak dira, baina ez eskualdatze inmobiliariokoak bezainbestekoak, %22,1ekoak izan baitira guztira. Zer gertatu da? «Hein handi batean zuzenketa prozesu bat izan da. Pandemiaren ondoren ezohiko igoera bat egon zen, %8,4koa 2021ean, eta erritmo horri ezin zaio eutsi. Aurtengoa doiketa bat izan da». Azalpena da Julian Perezena da, Ceprede ikerketa ekonomikoko bulegoko arduradunarena. Hark egin du ikerketa.

«Etxebizitza inbertsio gisa ikusten da. Behar gorria izan ezean, etxejabeak ez du erosi zuena baino merkeago saldu nahi etxea».

JULIAN PEREZCepredeko ikerlaria

Txostenak, baina, disonantzia handi bat azaleratu du: hipoteka kopurua murriztu arren, haien zenbatekoak gora egin du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mailegu hipotekarioen batezbestekoa 161.484 eurokoa izan da, iaz baino %0,4 handiagoa. Zergatik? Perezek azaldu du: «Etxejabeei asko kostatzen zaie etxea erosi zuten baino merkeago saltzea. Aurrezteko modu gisa ikusten dugu jabetza, eta Euskadin etxeak garestiak dira. Hor merkatua sartzen da, eskaintza eta eskaria».

Adituaren arabera, bi motatako etxe erosleak daude, hura bizitzeko erosten dutenak eta «inbertsio moduan erosten dutenak. Zehaztu du ez dela ari etxe asko erosten dituzten funtsez, «egon badaudela», etxejabe arruntez baizik. «Aurrezki mota klasikoa da, esaterako, seme-alabentzako etxe bat erostea. Eta premia gorria izan ezean ez da merkeago saltzen. Hutsik eta erabilera gutxirekin mantentzako arazorik ez dago. Eta premia hori zabaldu ezean, ez du eraginik izango etxebizitzen prezioaren eraginean». Hori konpontzeko, eskaria handituko luketen neurriak iradoki ditu.

2024: behera, Araban izan ezik

Hipoteka kopuruaren beheranzko joera horri eutsiko zaio 2024an ere: %1,3 egingo dute behera Nafarroan, eta %3,5 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan —Ikerketak hiru lurralde horien datu bateratua kalkulatu du, baina zehaztu dute Araban aurkako joera espero dela: %0,9ko gorakada—. Eskaturiko diru kopuruaren bilakaera ere antzekoa izango da; alegia, alderantzizkoa: %4ko igoera Nafarroan, eta %0,9koa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Lurralde horietako batez besteko diru eskaera 162.292 eurokoa izango da. Ordaintzeko epeari dagokionez, ez da aldatu: 27 urte inguru.

Luzera begirako aurreikuspenak ere egin dituzte ikerketan, eta 2025-2030 urte tartean merkatua «normaldu» egingo dela iragarri dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %1,7ko igoera espero da hipoteka maileguetan, eta %4,7koa Nafarroan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datu txikia azaltzen duten bi arrazoi ikusten ditu Kutxabankek: populazioaren zahartzea eta langabezia tasak askoz gehiago jaistea zaila dela. «Jendeak dagoeneko nahikoa bermatua du mailegu hipotekario bat lortu ahal izatea», azaldu du Iñaki Beristain Kutxabanken ikerketa arduradunak.

Ordaintzeko arazoen inguruan, Kutxabankek azaldu du ez duela askotan aktibatu behar izan praktika egokien protokoloa. «Mekanismo horrek bere mugak ditu, eta, ordaintzeko borondatea badute, arazoak dituzten bezeroekin akordioetara iristen ari gara», azaldu du Iker Arteagabeitia Kuxabankeko zuzendari finantzarioak. Mailegu motari dagokionez, Kutxabankek aurten sinatu dituen maileguen %72k tasa mistoa izan dute; %28k, aldakorra, eta %8k, finkoa. Mistoen kopurua modu harrigarrian handitu da, iaz %8 izan baitziren.

Interes tasen apaltzea: 2024ko udan

Noiz hasiko dira apaltzen interes tasak? Hori da mailegu hipotekario aldakorra duen orok jakin nahi duena. Bada, Kutxabanken ikerketa bulegoaren ustez, 2024ko bigarren seihilekoan hasiko da jaitsiera. Beristainen ustez, Europako Bankuak ez ditu lehenago ukituko, eta ohartarazpen bat egin du: «Jaitsiera hori, gainera, oso motela izango da, eta ondo mailakatua». Alegia, ez du zerikusirik izango azken hilabeteetan izandako igoera bizkorrarekin. Hain izango da motela, Kutxabankek uste baitu ez duela merkatuan eraginik izango 2025. urtean ondo sartuak egon arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.