Bigarren egunez eztabaidatu ostean, Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki du hipoteken zergak ordaintzea nori dagokion: bezeroena da zergak ordaintzeko betebeharra. Emaitzak agerian utzi du magistratuen arteko adostasun falta. Azkenean, bi botoren aldeak erabaki du ebazpenaren norabidea. Hala, 15 magistratuk erabaki dute 20 urte baino gehiagoz indarrean egon den jurisprudentziara itzultzea, eta doktrina horren aurka hartutako erabakiak baztertzea.
Atzoko jarduna ez zen nahikoa izan auzia argitzeko eta gaur ere luzatu egin da eztabaida. 15 ordu baino gehiago behar izan dute magistratuek auzia aztertu eta haren gainean erabakitzeko. Nork pagatu behar du hipoteken eskrituren zerga; horixe zen Gorenaren osoko bilkurak argitu behar zuena. Goizeko 10:00etan abiatu da bigarren saioa. Orain arteko doktrinari eutsi, eta zerga hori bezeroen bizkar uztea ala bankuen ardura dela erabaki behar zuten 28 epailek, 24 gizon eta 4 emakumek. Jakina zen zergak bankuen bizkar utziz gero, milaka milioi euroko galera luketela bankuek. Azkenean, Goreneko 3. aretoak emandako hiru epairen ondorioak izoztu, eta bankuen alde egin du osoko bilkurak.
Erabakiak kritika ugari jaso ditu berehala ditu sare sozialetan. Horien artean, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiarena. "Bankak irabazi du, eta herritarrek galdu. Auzitegi Gorenaren independentzia zalantzan dago; demokrazia ahulduta. Lotsa eta amorrua mobilizazio zibiko handi batean bihurtu behar dira, gehiengoaren eskubideak defendatzeko, gutxiengoaren pribilegioen aurrean", idatzi du bere Twitterreko kontuan.
Unidos Podemoseko beste hainbat ordezkarik ere gaitzetsi egin dute Gorenaren erabakia, eta mobilizaziora deitu dute larunbaterako, 18:00etan, Auzitegi Gorenaren parean.
EH Bildu ere Gorenaren erabakiaren aurka agertu da. Marian Beitialarrangoitia koalizioko diputatuaren esanetan, auzitegiaren ebazpenak agerian utzi du Espainiako "demokrazia maila eskasa".
Lotsagarria! beste behin Estatu Botereak bankuen alde eta herritarrei bizkar eman diete. Estrasburgoko epaiak, Gorenaren erabakiak ezin argiago utzi dute “justizia”rik ez dago Espainian, demokrazia maila eskasa !https://t.co/WOBoUYpVkH
— Marian (@marianbeitia) 2018(e)ko azaroaren 6(a)
PPk nabarmendu du Gorenak amaitu egin duela "nahasmen" egoerarekin. Justiziaren erabakiak errespetatu egin behar direla adierazi du Jose Manuel Barreiro senatari popularrak.
Espainiako Gobernuak ostegunean emango du Gorenaren erabakiari buruzko bere iritzia, ebazpena aztertu ostean.
Denbora gutxiago behar izan du Jueces para la Democracia elkarteak jarrera finkatzeko. Elkarteak ohartarazi du auzitegiaren ebazpenak "kalte konponezina" egin diola Justiziari, herritarren artean "frustrazioa" eragin duelako. Elkartearen esanetan, Gorenak "pisuzko arrazoiak" eman behar ditu, "epaile espezialistek esandakoaren kontra egiteko".
Auzitegiak erabakia hartu duenerako, Espainiako Gobernuak ohartarazi du bankuen kontrako ebazpenak izan zitzakeen ondorio ekonomikoez. Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak esan du erkidegoek 5.000 milioi euroko eragina izango luketela, hipoteken zerga itzuli beharko balute. Lau urteko atzera eraginkortasunaren aukera kontuan hartuz hitz egin du ministroak. Erkidegoek jaso baitute zerga horren bidez bildutako dirua, azken urteetan. Beste kontu bat da hipoteken bezeroei euren dirua itzuli ondoren, erkidegoek bankuei eskatuko lieketela kopuru hori.
Atzeraeraginkortasunarena zen eztabaidaren beste gakoetako bat. Hipoteken zerga bankuen bizkar utziz gero, ez litzatekeelako gauza bera 2018ko urritik aurrera aplikatzea (erreklamazioak ezingo lirateke egin), lau urteko atzera eraginkortasuna bideratzea (muga tributarioa) edota erabateko eraginkortasuna (abusuzko klausulatzat jota) ezartzea.
Nafarroan eragin gehiago
Espainiako Auzitegi Gorenaren doktrinak Nafarroan izango du eragin handiena Hego Euskal Herriari dagokionez, beste lurraldeetan etxebizitza nagusiek ez baitute zerga hori pagatzen; bigarren etxebizitzek bai, ordea. Lehen etxearen ardura hipotekarioa %0,5ean ezarria dauka Nafarroako Ogasunak, eta urtero hamar bat milioi euro biltzen ditu kontzeptu horri esker. Bezeroarentzat 600 eta 1.500 euro artekoa izaten da pagatu beharrekoa. 5.623 hipoteka egin zituzten bankuek Nafarroan 2017an.
Gorenak bankuen bizkar jarri izan balu zerga, bankak pagatu beharko luke aurrerantzean. Inor gutxik jartzen du zalantzan horrek hipoteken baldintzei eragingo liekeela. Bestalde, Gorenak erabaki zezakeen soilik 2018ko urritik aurrera sinatutako hipotekei eragingo liekeela doktrina berriak. Bankuentzat urtero 640 milioi euroko galera litzateke, Moody's agentziaren arabera.
Gorenak bankuen interesen aurka egin izan balu, ia 2.300 milioi euroko zuloa kalkulatu du Moody'sek bankuentzat, betiere lau urteko atzera eraginkortasunaz. Valerio ministroak 5.000 milioi euro aipatu ditu, ordea; Ghesta sindikatuak, 3.630 milioi. Azken lau urteetan 1,5 milioi hipoteka egin dituzte Espainiako finantza entitateek. Bezeroek erkidegoei eskatu beharko liekete modu okerrean eurek pagatutako zerga, eta haiek, ondoren, bankuei eskatuko liekete itzulitako dirua, seguruenera.
Auzitegiak abusuzko klausulatzat jo izan balu bankuek bezeroei zerga hori kobratu izana bankuek galera izugarria lukete. Abusuzko klausulen kasuetan ez dago muga tributariorik, lau urteko atzerako eragina, alegia. Moody'sen arabera, bankuek 16.500 milioi euro galduko lituzkete zergaren itzulketa masiboan, baina 2004. urtera arte kalkulatu dute itzulketa, eta hipoteken zerga 1995. urtetik pagatzen da.
Auzitegi Gorenak ez du halako erabakirik hartu, ordea, eta, orain arte bezala, hipoteken zergak bankuko bezeroek ordaindu beharko dituzte.