Txina

Hiri bat etxe bakar batean

30.000 lagunentzako etxeak, bulegoak, eskolak, ospitaleak eta baratzak sartu nahi ditu Txinako enpresa batek Sky Cityn, munduko etxe orratzik handienean. Gainera, zazpi hilabete eskasetan eraiki nahi du.

Zigor Aldama.
2013ko irailaren 8a
10:07
Entzun

Eraiki al daiteke munduko etxe orratzik handiena zazpi hilabete eskasetan? Baietz uste du Txinako Broad Sustainable Building (BSB) enpresak, eta jo eta su ari da 838 metroko eta 202 solairuko Sky City dorrea (Zeruko Hiria) eraikitzen, Changsha hirian, barnealdeko Hunan probintziaren hiriburuan. 9.000 milioi yuaneko kostua du proiektuak, 1.100 milioi euro. 

Hasiera batean harrokeria dirudi halako proiektu bat hain epe laburrean egin nahi izatea, batez ere kontuan hartuta oraingo dorrerik handiena —Dubaiko Burj Khalifa— bost urtean egin zutela eta Sky City hamar metro garaiagoa dela. Gainera, bada beste faktore are harrigarriago bat. Izan ere, 2009ra arte BSBren jarduera nagusia ez zen eraikuntza, aire girotuko ekipo erraldoiak egitea baizik. Hark egin zituen Shanghaiko Expoko sistema guztiak edo Barajasko aireportuko T4koa. Baina BSBk egin dezakeela dio, arkitekturaren mundua irauli nahi duen eraikuntza teknikaren bidez. Helburua ez da soilik garaiera handieneko eraikinaren marka haustea; beste errekor asko ditu buruan: eraginkortasun energetiko handieneko dorrea izango da —ez du argindarra erabiliko klimatizaziorako—, eta altzairuzko egitura piramidalak —Luxenborgotik inportatutakoa, Txinako altzairuaren kalitate eskasarengatik— Richter eskalako 9 indarreko lurrikara bati eutsi ahal izango dio.

Nola egingo du hori? Azken lau urteotan garatu duen moduluen bitarteko eraikuntzaren teknologia muturrera eramanda. Horri beste bi osagai batu behar dizkio: BSB taldeak berak garatu duen gas natural bidezko airearen klimatizazio eta purifikazio sistema bat, eta isolamendu termiko onenetako bat. «Legora jokatzea bezala da», azaldu du barre artean enpresako lehendakariorde eta nazioarteko merkatuko arduradunak, Jiang Yanek. «Zati osoak egiten ditugu gure lantegietan,  hodiekin eta lotzeko prest dauden konexio elektrikoekin; blokeka eramaten ditugu eraikinera, eta han, di-da batean montatzen dituzte gure teknikari prestatuek. Gainera, ia ez dago azpikontrataziorik, eta, horri esker, kostuei eusten diegu eta produktuaren kalitatea hobeto zaindu dezakegu».

50.000 langile

Sky City eraikitzeko, BSBk lau hilabete beharko ditu pieza guztiak eraikitzeko, eta beste hiru muntaketarako. Tarte horri gehitu behar zaizkio eraikinaren sustraiak prestatzeko baliatutakoa; uztailaren 20an hasi zen, eta sei hilabete beharko dituzte horretarako, kasu horretan ohiko teknikak erabilita. Guztira, 50.000 langilek egingo dute faraoien garaiko proiektua dena. Milioi bat metro koadroko hiria izango da, 30.000 bizilagun izango ditu, neurri desberdineko apartamenduekin: 60 m2ko 1.160 bizitoki, 90 m2-ko 1.398, 150 m2-ko 812 unidade eta 240 m2-ko 356. Handiagoak izango dira aberatsenentzat, BSBk 520 metro koadroko hamalau apartamendu ere prestatuko dituelako.

Baina denak ez daude pozez zoratzen proiektuarekin. BSBk kritika ugari jaso ditu, handinahikeriagatik. Jiangek harrotasunez  erantzun nahi die kritikoei: «Sky City beste urrats da bat gure enpresa garatzeko: Shanghaiko Expoko gure pabiloia 24 ordutan eraiki genuen, Ark Hotel —hamabost solairukoa— sei egunetan, eta T30 —30 solairukoa— bi astetan. Gure gaitasuna auzitan jarri nahi duenak nahikoa du Youtuberen bideoak ikustea».

Aholku horri jarraitu diote askok. Hotel Ark eta T30en eraikuntza erakusten duten bideoek bost eta sei milioi bisita izan dituzte hurrenez hurren 2011tik. Sektoreko adituak ere ohartu dira BSBren lanarekin. Chicagon egoitza duen Etxe Orratzen eta Hiri Habitateko Kontseiluak berrikuntzaren saria eman dio aurten enpresari. «Txinako enpresa baten I+Gn inbertitzen duenean gertatzen denaren adibidea baizik ez gara. Mundua aldatzen ari da», ziurtatu du Jiangek.

Guztira, BSBk 30 eraikin inguru ditu Txinan barreiatuta. Beste bosten moduluak ere egiten ari dira Xiangyin herrian duen fabrika erraldoian —ia 500 metro luze da—. Baina hori ez da ezer enpresaren mugarik gabeko anbizioaren aurrean. 2020rako, etxeen eraikuntzaren merkatuaren %30 bereganatu nahi du: 50 frankizia jarri nahi ditu Txinan —dagoeneko sei ditu—, eta beste ehun beste herrialdeetan. Jiangen arabera, Errusian, Indian, Kazakhstan eta Malaysian bukatzear daude ordezkaritzak irekitzeko negoziazioak. «Filialak irekitzeko adina talentu ez dugu, eta horregatik erabaki dugu gure teknologia saltzea, norberak bere herrialdean eraiki dezan».

Merkeagoa mantentzeko

Batez ere, gorabidean dauden herrialdeak interesatzen zaizkio BSBri. BRIC taldekoak ez ezik,  Next Eleven ezizena jasotzen dutenak ere, Indonesia eta Mexiko haien artean. Azken horretan, BSBk badauka eraikin bat, Felipe Calderon presidenteak inauguratuta. Badirudi krisiak lagundu egiten diela. «Kostuak txikitzeko  joera hazi egin da, eta gero eta gehiago egiten da apostu pragmatismoaren alde. Gure eraikitzeko sistema azken eraginkorragoa da ohiturazkoa baino. Txinan, esaterako, %10 eta %30 artean merkeagoa da, eta Saudi Arabian edo Brasilen %50era arte irits daiteke aurrezkia. Gainera, erakutsi dugu mantenimendua ere ekonomikoagoa dela. T30ak, gure produktu izarrak, aire girotuan 2,3 MW gastatuko lituzke betiko sistemekin eginez gero, baina horren hamarren bat baizik ez du behar».

T30 edo S30en moduko eraikin estandarretan du negozioa BSBk, eta ez hainbeste Sky Cityn. Etxe  orratz erraldoia marketin kanpaina bat da, bere burua ezagutarazteko aurkezpen txartela. «Gure marketin atalean muga handiak ditugu, eta Sky Cityk asko lagunduko ditu nazioartean ospea lortzen, hartara beste proiektu batzuekin errentagarritasuna lortzeko. Baina, batez ere, egin daitekeela erakutsi nahi dugu».

Oso antzekoak dira

Berez, proiektuari iritsi zaizkion kritika gehienak ez dira izan gaitasunagatik, aurkezten duen etorkizuneko hiriaren ereduagatik baizik. Azken finean, panelen moldeak oso antzekoak direnez, badirudi eraikin guztiak molde beretik atera direla. Aluminioz eta beiraz estalitako lauki erraldoiak baizik ez dira, eta estetikari ez diote ekarpen handirik egiten. «Egia da, proiektu industriala izanda funtzionalitatea hobetsi dugu edertasunaren kaltetan», onartu du Jiangek.

Baieztapen hori inon egia bada BSBk eraikitako hoteletan da. Kartoizko dekoratu baten antza dute. Ez dago ia hormigoirik, eta hormak oso finak dira, finegi agian. «Bezero batzuk kexu dira, zarata dela eta», aitortu du T30eko arduradunetako batek, Kyle Linek. Salaketa entzun du enpresak, eta horma sendoagoak erabiltzen hasi dira eraikin berriagoetan.

«Zientzia fikziozkoa»

Baina estetika, arazo gisa, huskeria da Sky Cityen ugaltzeak eragin dezakeen aldaketa sozialarekin alderatuz gero. «Eragozpenik handiena proposatzen duen gizarte eredua da, zientzia fikziozko gizarte baten antza baitu», ziurtatu du Xi Denghaik, Jiaotongeko Unibertsitateko arkitektura irakasleak.

Izan ere, BSBko presidenteak berak nabarmendu duenez, Sky Cityn bizitzaren hasieratik bukaerara behar duten guztia izango dute auzotarrek. «Gorpuen erraustegia soilik falta zaigu».  Aire garbia arnastuko dute depurazio sistema konplexuei esker, eta eraikinean izango dituzte bulegoak, erietxeak, eskolak, parkeak, aisialdirako guneak, baita baratzeak ere. Hamar kilometro luze den kale bat izango du Sky Cityk lehen solairutik 170.era, eta ibilgailu elektrikoak ere hartu ahal izango ditu. Azken finean, bizilagunek ez dute kanpora atera beharko, Changshako aire kutsatua arnastera eta tenperatura beti desatsegina jasatera. Ez da harritzekoa denak izatea pozik. «Enpresak esan du ingurumenari laguntzeko eraikiko duela hiria, baina badirudi gizakia erabat bakartzen hastea lortu nahi duela», nabarmendu du Xi irakasleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.