Hiriburuetako etxebizitza garestienak merkatu egin dira, Iruñekoak izan ezik

Donostiako Alderdi Ederren daude Hegoaldeko etxerik garestienak, metro koadroa 7.615 eurotan

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2009ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Krisiaren harira etxebizitza merkatzen hasi den arren, Bilboko Abandoibarra etorbidean edo Donostiako Zubieta kalean etxea erostea ez dago, oraingoz, guztien esku. Hala ere, duela urtebete baino merkeagoa dela dio Tecnitasa agentziak atzo kaleratutako txostenean. Haren arabera, Hego Euskal Herriko hiriburu gehienetako etxebizitza garestienak merkatu egin dira iaztik hona: %9,1 Bilbon, %11,97 Donostian eta %12,75 Gasteizen. Are gehiago merkatu dira Barakaldon (Bizkaia): %33,34. Bilboko auzo garestienetan 700 eurotan merkatu da metro koadroa, 1.035 eurotan Donostian eta 650 eurotan Gasteizen.

Nafarroako hiriburuan, alabaina, kontrako joera ageri da. Etxe garestienen metro koadroko prezioak %10,46 egin du gora Iruñean, 4.300 eurotik 4.500era. Etxerik merkeenen prezioek, berriz, Hegoaldeko hiriburu guztietan egin dute behera; %16 inguru Donostian eta Iruñean eta %13 Bilbon. Gasteizen jaitsiera txikia izan dute, bi puntukoa, metro koadroa 50 euro merkatu baita.

5.500 euroko aldea

Hiriburuetako etxebizitzarik merkeenaren eta garestienaren arteko aldea bildu dute, bestetik, atzo zabaldutako txostenean. Donostiako Alderdi Eder, Hernani eta Zubieta kaleak dira, berriz ere, Hego Euskal Herriko garestienak, metro koadroa 7.615 eurotan dago. Martutene, Oleta eta Herrera auzoetan, berriz, metro koadroa 2.050 eurotan dago. Bien aldeko aldea, hartara, 5.500 eurotik gorakoa da.

Antzeko aldea dago Bilboko Abandoibarra zein Euskadi plazako eta Bilbo Zaharreko etxebizitzen artean, 5.000 eurokoa. Bizkaiko hiriburuko etxerik garestienetako metro koadroa 7.700 eurotan dago, baina Bilbon daude, halaber, Hegoaldeko merkeenak. Ollerieta kalean 2.000 eurotan dago metro koadroa. Gasteizko etxerik garestienak Probintzia plazan daude, eta merkeenak Alde Zaharrean. Iruñean, Yamaguchin daude garestienak, eta Urdanoz auzoan merkeenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.