Gaur eguerdian kaleratu du epaia Maria Teresa Trinidad Santos epaileak. 86 orrialdetan aztertu ditu epaiketan argudiatutakoak, eta, akusazioek eskatu zuten gisara, ibilgailu elektrikoa sustatu zuen elkartearen, Afyapaidaren, porrota okertzea egotzi die elkarteko buruzagiei: Jesus Etxabe enpresaburua, Iñigo Antia EAJko zinegotzi ohia, Jose Luis Bengoetxea Jolben bitxi saltokiko jabea, eta Fernando Atxaerandio higiezin sektoreko sustatzailea. Salatuta zeuden enpresen artean soilik Circuito del Norte zigortu du, akusatuei lotutako sozietatea.
Errudun jo dituen arren, epaileak ez ditu onartu fiskaltzaren eta estatuko abokatuaren eskaerak. Bi akusazio horiek Hiriko sustatzeko jaso zituzten dirulaguntza ia guztiak bueltatzea exijitu zuten, hamazortzi milioi euro inguru.
Epaileak, aldiz, administrazio konkurtsalaren tesiarekin bat egin du, eta administratzaileek egindako kalkuluan oinarritu du kalte ekonomikoa eta bueltatu beharreko dirua. 535.000 euro dira, hain zuzen ere, Afypaidak Epsilonen auto-lasterketerako ibilgailu bat erosteko gastatu zuten dirua. Erabaki hura "arinkeria larria" izan zen, epailearen ustez. Erosketa horrek milioi erdi bat euro kendu zizkion Afypaidari dirua gehien behar zuenean, eta akusatuak konkurtsoaren erruduntzat jotzeko elementu nagusietako bat da.
Konkurtso eskaera behar baino hamabost hilabete beranduago egin zela frogatutzat jo du epaiak. Atzerapen horren ondorioz beste ia 200.000 euro bueltatzea eskatu zuen administrazio konkurtsalak, baina epaileak ez du beharrezko ikusi. Izan ere, atzerapenak ez zuela kaudimengabezia egoera okertu ondorioztatu du. Akusatuek argudiatu zuten proiektua salbatzeko inbertitzaileekin egindako elkarrizketek eragin zutela atzerapen hori, baina epaileak ez du sekula ez zela egon salbamendu horretarako "oinarri sendorik".
Ia hemeretzi milioi euro irentsi zituen proiektuak laguntza publikoetan. Diru gehiena Espainiako Gobernuak eman zuen, PSOEren eta EAJren arteko aurrekontu akordioei jarraituz.