Hiru aldiz mailegu gehiago eskainiko ditu Munduko Bankuak

Esportazioen gutxitzeak eta lehengaien merkatzeak gogor astinduko ditu herrialde pobre asko

ERREDAKZIOA
2008ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Finantza krisia mundu aberatsean sortu arren, haren eraginak herrialde pobre batzuetan are gehiago antzemango dituztela uste du Munduko Bankuak (MB).Kalte horiek arintzeko asmoz, 35.000 milioi dolar jarriko ditu herrialde pobreen eskura, aurten eskainitakoaren ia halako hiru. Munduko 78 herrialde txiroenek interesik gabeko mailegu gehiago jasoko dituzte, eta egoera okerrenean daudenek itzuli beharko ez duten laguntza ere jasoko dute.

«Finantza laguntza handitzeak txiroenak eta ahulenak babestuko ditu, laguntza emango die aurrekontuekin arazoak dituzten herrialdeei, eta epe luzeko inbertsioek aurrera egiteko bidea egingo du, azken horien menpe dagoelako garapena», ziurtatu zuen atzo MBk. Erakunde horretako presidente Robert Zoellickek, ordea, ez zuen maileguak jasoko dituztenen izenik aurreratu nahi izan.

Finantza krisiak diru merkatuak itxi dituztenez, herrialde asko finantzabiderik gabe geratu dira beren garapen programetarako. Gainera, munduko ekonomiaren atzeraldiakmurriztu egingo ditu atzerriko enpresek herrialde txiroetan egingo dituzten inbersioak. MBren arabera, 2007an bilioi bat dolar inbertitu zituzten, baina 530.000 milioi dolar baizik ez dituzte espero datorren urtean. Hau da, herrialde txiroen Barne Produktu Gordinaren %7,7 izatetik %3ra igaroko dira.

MBren azken estimazioen arabera, garatzeko bidean dauden herrialdeetako BPG %4,5 haziko da 2009an, oraintsu arte iragarritako %6,4tik oso azpitik. Are okerrago, herrialde txiro batzuetan datu makroekonomikoek atzera egingo dute datorren urtean.

Motelaldi horren arrazoietako bat da herrialde horietako asko lehengaien esportatzaileak direla, eta haien truke lortutako diru sarrerek nabarmen behera egin dutela. Batetik, petrolioaren, metalen edo mineralen prezioak behera egin duelako, eta krisiaren eraginez, lehengaien kontsumoa ere gutxituko delako.

Mundu osoko ekonomiarentzat, berriz, are aurreikuspen ezkorragoak egin ditu MBk: %3eko hazkundea espero zuen aurretik, eta %1 eskas bat orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.