Baten batek ez du egia osoa esaten edo bi aldeek zorrak kitatzeko moduari buruzko irizpide ezberdinak dituzte. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek berretsi dute berreskuratu dutela jada 1993tik 2000ra 300 bat enpresari opor fiskalen bidez emandako laguntzen dirua; EuropakoBatzordeak, ordea, diputazioen kontrako isuna eskatuko dioEuropako Justizia Auzitegiari, emandako laguntza guztiak ez berreskuratzeagatik.
Claudio Rodriguez Arabako diputatu nagusiordearen esanetan, uztailean paperez betetako bi furgoneta bidali zituzten Bruselara, beren jokabidea azaltzeko eta dirua berreskuratzeko erabilitako kalkuluak argitzeko. «Ez dugu ulertzen zergatik Europako Batzordea ez dagoen konforme», esan zuen atzo. Rodriguezen kalkuluen arabera, Arabako 60 enpresa inguruk baliatu zituzten opor eta kreditu fiskalak 1994 eta 2001. urteen artean, eta 86 milioi euro aurreztu zituzten zergetan.
Bizkaiko Diputazioak ez du zalantzarik. «Etxeko lanak egin ditugu», esan zuen atzo Jose Luis Bilbao diputatu nagusiak. «Lasai gaude, zerga abantailetan emandako dirua berreskuratu dugu», gehitu zuen Juan Mari Aburto bozeramaileak. Bilbaok gogorarazi zuen 1992tik 1994ra industriaren krisia handia zela eta enpresa asko itxi behar izan zituztela. Egoera «dramatiko» horri aurre egiteko jarri zituztela indarrean opor fiskalak. Bizkaian 21 enpresak jaso zituzten zerga laguntzak, eta 96 milioi euro bueltatu dituzte. Interesak ere ordaindu dituzte: 38,5 milioi euro.
Gipuzkoako Diputazioak ere esan du berreskuratu duela diru guztia. 59 milioi euro, horietatik 44 enpresa batenak. Apirilean zehaztu zuen orduan jaso zuela falta zen azken enpresaren dirua, enpresak zailtasunak baitzituen.
Xehetasunen zain
Arabak eta Bizkaiak ez dute zigor eskaerari buruzko jakinarazpen ofizialik jaso. Gipuzkoak bai. Zain daude, Bruselaren erabakiak zer enpresei eta prozedurei eragiten dieten jakiteko.
Aburtoren esanetan, Europako Batzordeko kabinete buruek bilera egingo dute gaur, eta litekeena da horiek komisarioen kolegioari eskatzea Espainia zigortzeko, opor fiskaletan emandako dirua ez berreskuratzeagatik. Isuna Espainiari jarri arren, diputazioek ordaindu beharko lukete.
Diputazioek hainbat zerga abantaila aplikatu zizkieten enpresei 1993 eta 2000 artean: hamar urtean sozietate zerga ez ordaintzea edo gutxiago ordaintzea, eta inbertsioaren zati bat berreskuratzea, beti ere gutxieneko inbertsio batzuk eginez gero. Europako Batzordeak pizgarri horiek legez kanpokoak zirela erabaki zuen, eta epaitegiek arrazoia eman diote hainbat aldiz.
Hiru diputazioek berretsi dute berreskuratu dutela opor fiskalen dirua
Europako Batzordeak isuna ezarri nahi die, baina diputazioek diote beharrezko agiri guztiak eman dizkiotela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu