EKONOMIA

Hiru enpresatik bik lanpostuak sortzea espero dute aurten

"Kontratazioren bat" egitea aurreikusten dute Confebaskek galdekatu dituen konpainien %66k: batez ere, Lanbide Heziketan trebatutako langileak behar dituzte. Patronalak iragarri du 10.600 lanpostu berri sortuko direla. Enpresen ia erdiek uste dute "prestakuntza eta jarrera falta" direla langileak kontratatzeko traba nagusiak.

Enpresen ia erdiek (%46,8) Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasketadun langileen premia dute. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2016ko martxoaren 21a
07:43
Entzun

Hiru enpresetatik bik (%68) lanpostuak sortzea aurreikusten dute aurten. Confebaskek euskal enpresen artean eginiko inkestaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako konpainiek 25.100 lanpostu betetzeko premia izango dute 2016an, bereziki industrian (1.200 lanpostu) eta zerbitzuen sektorean (12.000 lanpostu). Eta horietatik 10.600 lanpostu berriak izango dira. Eraikuntzan, ordea, behera egingo du kontratazioak.

Patronaleko presidente Roberto Larrañagak eman du ikerketaren berri, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullurekin eta Arantza Tapia, Angel Toña eta Cristina Uriarte sailburuekin bildu ostean. CEBEKeko presidente Iñaki Garcinuño, SEAko presidente Pascal Gomez eta Adegiko presidenteorde Koldo Arandia ere egon dira batzarrean.

Lanpostu horiek betetzeko konpromisoa hartu dute bai Confebaskek eta bai Jaurlaritzak. Lanpostu berriak, batik bat, jarduera igoearen eta negozio lerro berriak martxan jartzearen eskutik iristea espero dute. Gainerakoak, berriz, behin-behineko kontratatuak izango dira, lan utzialdiak, erretiroak eta oporrak betetzeko sortutakoak.

Ikasketak, nahitaezko

Kontratu berriak langile "kualifikatuentzat" izango direla nabarmendu du Larrañagak, eta ohartarazi enpresa gehienek (%97) ikasketadun beharginak beharko dituztela. "Beste modu batera esanda: ikasketarik gabe, ez dago lanik". Hain justu, enpresaburuen aburuz, "prestakuntza falta" da langileak kontratatzeko oztopo nagusia. Enpresen %44aren esanetan, soldata mugak baino gehiago, langileen prestakuntza eta esperientzia falta dira eragozpen handienak. "Jarrera aktiboagoa" bota dute faltan. "Badago jendea beste batzuk baino jarrera hobea duena. Soldata ez da oztopo langileak kontratatzeko orduan. Langilearen jarrera pertsonala, interesa eta prestutasuna dira enpresek gehien baloratzen dutena". Ordea, bost enpresatik batek soilik jo du lehentasunezkotzat hizkuntzak jakitea.

Enpresen ia erdiek (%46,8) Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasketetan trebatutako langileen premia dute; mekanika eta industriaren beste alor batzuetan ibilitakoena, bereziki. Enpresen %30k, berriz, unibertsitate mailako tituluak eta graduondoak dituzten beharginak nahi dituzte. Ingeniariak —hamar lizentziatuetatik lau dira— eta administrazio eta enpresa zuzendaritzan lizentziatutakoak dira, gaur-gaurkoz, beharrean aritzeko samurren dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.