Lan gatazkak

Hiru greba egun egitera deitu dute Bizkaiko autoeskoletan

ELA eta CCOO sindikatuek uztailaren 14, 23 eta 26rako deitu dute lanuztera, «lan ituna berritzeko eta genero arrakala ezabatzeko»

Autoeskoletako irakasleen protesta bat. BERRIA
xabier martin
2021eko uztailaren 1a
11:16
Entzun

Aurtengo ekainean Bizkaiko autoeskoletan egondako bi greba egunek segida izango dute uztailean. Autoeskoletako langileen ordezkaritzaren %100 duten sindikatu biek, ELAk eta CCOOk, lanuztera deitu dute berriro, 14, 23 eta 26rako. Beren eskaeren aurrean, salatu dute ez dutela patronalaren erantzunik, eta langileek ezin dutela jarraitu «baldintza prekarioetan eta askotan irregularretan».

Izan ere, Bizkaiko autoeskoletako langileek 11 urte egin dituzte jadanik hitzarmena berritu gabe, eta horrek eragin die orduko soldatak eta ordutegiak indarrean edukitzea oraindik. Izan duten hitzarmen bakar hori 2009an sinatu eta 2010eko abenduan amaitu zen. «Geroztik, blokeatuta dago, eta ez da berritu». Hala ere, «hala moduz» egindako hitzarmen bat izan zen, «taberna batean sinatu izan balute bezala». Ordutik, 11 urte igaro dira, eta langileek orduko baldintzekin jarraitzen dutela esan dute: «Gure lan baldintzak izoztuta daude. Irakasleek lan egindako ordu bakoitzaren araberako soldata dute, eta administrazioko langileak ez dira lanbide arteko gutxieneko soldatara heltzen asteko 40 orduko lanaldiarekin».

Gainera, sektorean genero arrakala handia dagoela azaldu dute ELAk eta CCOOk, lan administratiboan emakumeak aritzen direlako gehienbat, eta lanpostu horietan jasotzen direlako soldata apalenak.

2020ko urrian abiatu zen lan hitzarmena berritzeko negoziazioa sindikatuen eta patronalaren artean, baina zazpi hilabete eta bederatzi bilera eta gero, «APAVI patronalaren borondaterik eza oso garbi geratu zen», sindikatuen arabera; egoera erregulatzeko «benetako urratsak» ez egiteko hautua egin du Bizkaiko autoeskolen patronalak, haien ustez, eta horregatik iritsi ziren aurtengo ekainean lehenengo lan uzteak. «Erabateko jarraipena izan zuten, baina, hala ere, patronala ez da jarri harremanetan gurekin». Hori dela eta, mobilizazioan aurrera pauso bat emateko erabakia hartu dute, eta hiru greba egun antolatu dituzte uztailerako.

Profesionalizazioa

ELAk eta CCOOk nahi dute beharginen lan baldintzak «duinak egitea eta profesionalizatzea», eta, horretarako, «baldintza prekarioak erregularizatu egin behar dira». Soldata taulak berritzea exijitzen dute, «erosteko ahalmena berreskuratzeko». «Autoeskola gehien-gehienek itunaren araberako soldata ofizialak pagatzen dituzte irakasleen kasuan, eta maiztasun irregularrarekin. Administrazioaren alorrean, berriz, apenas iristen diren 1.000 euro gordinetara».

Ordutegietan ere aldaketak nahi dituzte sindikatuek. «Gaueko 21:00ak arte luzatzen dira lanaldiak, hamaika ordu lan egin eta gero, eta larunbatean ere lan egiten da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.