Gipuzkoako arte grafikoetako lan hitzarmen duinaren alde, grebara deitu dituzte langileak azaroaren 16rako eta 30erako, eta abenduaren 12rako. Negoziazio mahaian ordezkaritza duten lau sindikatuen arabera —ELA, LAB, CCOO eta UGT—, "Adegiren jarrera prepotente eta probokatzailea" dago egin duten deiaren oinarrian.
Hitzarmenaren negoziazio mahaiak atzo egin zuen azken bilera, eta bertan, sindikatuek salatu dutenez, Adegik sindikatuen eskaera guztiak baztertu zituen berriz ere. Hori bai, bost hilabete proposamenik egin gabe pasatu ostean, Adegi patronalak eskaintza bat egin zien atzo: 2016. urterako soldata igoerarik aurreikusten ez zuen proposamen bat. 2015ean sektorean soldata igoerarik ez dela izan kontuan harturik, sindikatuek uste dute Adegi ez dabilela akordio bila; "probokaziotzat baino ezin dugu jo haren jarrera", esan dute.
Azaldu dutenez, sindikatuek ez ezik Garen patronalak ere ezezkoa eman zion atzo Adegiren proposamenari; "Garenek aitortu zuen sektoreko egoera ez datorrela bat Adegik egindako proposamen atzerakoiarekin".