Donostiako epaitegi batek hiru hilabeteko kartzela zigorra eta 270 euroko isuna ezarri dio eraikuntza enpresa bateko kudeatzaileari, langile batek 2003an Olaberrian (Gipuzkoa) izandako lan istripu larri batengatik. Fiskalak eskatutako zigorra da, eta kudeatzaileak onartu egin zuen epaiketan. Langileen eskubideen kontrako delituagatik zigortu dute kudeatzailea.
Istripua 2003ko uztailaren 2an gertatu zen, zortzi etxe atxiki eraikitzeko lanetan ari zirela. Garabi bat maneiatzen ari zen langileak garabiaren kontrola galdu zuen,eta garabia garraiatzen ari zen betoi kuboak plataforma bat jo zuen. Plataforma horretan bi kofratzaile zeuden, eta kolpearen ondorioz lurrera erori ziren, plataformaren aurreko aldetik, lau metro ingurutik.
Sententziak dio plataformak atzean bazuela baranda bat langileak ez erortzeko, baina ez zeukala barandarik aurrean. Horrek Segurtasun eta Osasun Plana plataformaren diseinatzaileak emandako irizpideak urratzen ditu. Sententziak gehitu du langileek ez zutela jaso plataformaren segurtasun neurriei buruzko informaziorik. Eta ez zituztela behartu bestelako neurriak hartzera, aurreko barandaren faltak eragindako segurtasun falta saihesteko: segurtasun uhalak...
Erorketaren ondorioz, bi langile zauritu ziren. Batek 49 egun pasatu zituen ospitalean, eta urtebete behar izan zuen oneratzeko. Hala ere, ondorio nabarmenak geratu zaizkio, makuluak behar baititu ibilbide luzeak egiteko, eta ezin baitu kofratzaile lanetan jarraitu.
Beste langilea ere zauritu zen, baina epaiketan ez zituen zehaztu izan zituen zauriak, eta uko egin zien jaso zitzakeen kalte-ordainei.
Biak bigarren azpikontrata bateko langileak ziren, hau da, obraren ardura zuen enpresak beste enpresa bat kontratatu zuen, eta enpresa horrek, zauritutako langileena.
Prezio «merkea»
«Patronalari oraindik ere merke ateratzen zaio langileek osasuna eta bizitza galtzea», salatu du LABek. Merke, nabarmendu du sindikatuak, istripua gertatu eta zazpi urtera kartzela zigorra hiru hilabetekoa delako —ez du kartzelan sartu beharko—, eta isuna 270 eurokoa: «Alegia, ez dira prebentzio neurriak hartu, langile bat ezinduta geratzen da bizi osorako... eta 270 euroko isuna». LABek gogorarazi du aurten 82 langile hil direla lan istripuetan, «kopuru ikaragarria».
Sindikatuek salatu ohi dute eraikuntzako enpresek azpikontratazioa erabiltzen dutela gastuak aurrezteko, eta horrek segurtasun neurriak ahultzen dituela. Azpikontratazioetan dirua aurrezteko bideetako bat langileei dagokien probintziako lan hitzarmena ez aplikatzea da, diru gutxiagoren truke lan gehiago egitera behartuz.
Euskadiko CCOOren Eraikuntza Federazioak kanpaina bat abiatu du, Bizkaiko lan hitzarmena betetzen ez duten enpresak zerrendatzeko eta «ikusarazteko». Datozen egunetan langileak mobilizazioetara deituko dituzte eta sariak emango dizkiete zerrendako enpresei. Hautagaien artean daude Balzola, Dragados, EBA, Exbasa, OHL, Olabarri eta Sacyr Vallehermoso.
Hiru hileko kartzela eta 270 euroko isuna, lan istripu larri batengatik
Eraikuntza enpresa bateko kudeatzailea zigortu dute, segurtasun neurriak ez betetzeagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu