Euskal Herrian 135.000 lan istripu baino gehiago izan ziren iaz; batez beste bat hiru minutu eta erditik behin. Horietako 112tan norbait hil zen, hau da, bi egun eta erditik behin, bat. Eta egunero gaixoaldia eragin zuten 180 istripu gertatu ziren, zortzi minututik zortzi minutura, bat. LABen iritziz, datu horiek erakusten dute langileen segurtasuna bermatzeko indarrean jarritako politikak «porrot hutsa» izan direla.
Ainhoa Etxaide sindikatuko idazkari nagusiak eta Ibon Zubiela lan osasunerako arduradunak agerraldia egin zuten atzo, iaz izandako lan istripuei buruz aritzeko. Istripu guztiak kontuan hartuta, azken urteotan kopurua mantendu egiten da, LABen arabera. Gehitu egin dira gaixoaldirik eragin ez duten ezbeharrak, arinak antzeko mailan ibili dira, eta larriak eta heriotzaren bat eragin dutenak «teorian»gutxitu egin dira.
13 hildako gutxiago
Iaz 2007an baino 13 langile gutxiago hil ziren istripuz. Zubielaren esanetan, hori pozgarria bada ere, urte bateko kontua da, eta ez bilakaera baten isla. «Oraindik ere 2005ean adina jende hiltzen da lanean», gogoratu zuen. Lan istripu larrien jaitsiera nabarmenagoa da, baina, haren hitzetan, datu hori ere ez da dirudien bezain ona. «Askotan salatu dugun bezala, enpresaburuek istripu larriak arinen multzoan sartzen dituzte, horien gaineko ikerketarik ez egiteko, eta horregatik egiten du behera kopuruak». Lan gaixotasunak ezkutatzeko joera ere nabaria dela adierazi zuen.
Zubielak adierazi zuen, gainera, langile asko eta askok izandako istripuak ez direlakontatzen, besteak beste, etxeko langileenak, etorkinenak eta autonomo gehienenak. Era berean, krisiaren eraginez langile gutxiago daudela lan merkatuan aipatu zuen, eta horrek ere izan duela eragina istripuen jaitsieran. Eraikuntzako kasua jarri zuen adibidetzat. «%20 gutxitu dira lan ezbeharrak eraikuntzan, eta, hain zuzen, sektore horretan igo da gehien langabezia».
Protestak lan istripuen aurka
2008a urte txarra izan dela, eta 2009a okerragoa izango dela iragarri du Etxaidek. «Hazkunde garaian ez dute beharrezko ikusi prebentzioan inbertsioak egitea, eta krisian gutxiago egingo dute». Haren esanetan, enpresaburuek kostuak murrizteari ekin diote, eta horren ondorioz lan baldintzak ere gero eta okerragoak dira. «Istripuen atzean lan baldintza kaskarrak daude, eta haiek okertu egingo dira, beraz konponbiderik ez da egongo».
Administrazioaren jarrera ere gaitzetsi du idazkari nagusiak. «Ikusi dugu krisiaren aurrean enpresaburuak babestu nahi dituela Administrazioak, eta, beraz, ez du presiorik egingo prebentzioaren alde». Egoera aldatzeko bide bakarra dago Etxaideren irudiko: «Adabakiekin ezin da egoera konpondu, lan merkatuaren oinarriak aldatu behar dira». Hala, egoera ekonomikoari buruzko gogoeta sakona egin behar dela adierazi, eta konpromisoak hartzeko eskatu zuen.
LABek hainbat protesta egingo ditu bihar lan istripuen aurka. Donostian, Anoetatik Lan Ikuskaritzaraino joango dira; Gasteizen eta Bilbon, elkarretaratzeaegingo dute Lan Sailaren etaEusko Jaurlaritzaren aurrean, eta Iruñean, manifestazioa egingo dute Carlos III. zinemetatik aterata. 12:00etan hasiko dira guztiak.
Hiru minutu eta erditik behin lan istripu bat izaten da Euskal Herrian
LABek iragarri du aurtengo datuak iazkoak baino okerragoak izango direla, krisiaren ondorioz lan baldintzak okertuko direlako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu