Moduluen sistemarekin kotizatzen duten garraiolariak zigortzen jarraituko duen argitzeko eskatu dio Hiruk Gipuzkoako Diputazioari. Sindikatuaren arabera, garraiolarien zerga aitorpenak inolako argudiorik gabe ari da berrikusten Foru Aldundia. Berrikusketa horien eraginez, hainbatek kamioiak saldu edo jarduera utzi behar izan dutela azaldu du, zigorrak 300.000 eurotik gorakoak ere izan direlako.
Legez, garraiolariek eskubidea dute errenta aitorpena moduluen sistemarekin egiteko. Eta Foru Aldundiak iruzur susmoak izanez gero, aukera du edozein urtetako aitorpenak berrikusteko. Kasu horietan, zuzeneko estimazioetara pasatzen da aitorpena. Hau da, diru sarreren eta gastuen kenketa egiten da. Emaitza moduluka egindako aitorpenarekin konparatzen da gero, eta bien arteko aldea ordaindu behar izaten du garraiolariak. «Diputazioak berak aitortu du gehienek ez dutela inolako iruzurrik egin, baina, hala ere, moduluen sisteman egoteagatik zigortu egin ditu», azaldu du Estitxu Ugartek, sindikatuko bozeramaileak.
Hiruren esanetan, begi bistakoa da moduluen sistemak inoiz ez duela islatzen jardueraren benetako etekina, «sarrerak eta errentagarritasuna ez direlako kontuan hartzen». Berez moduluen sistema gustatu ez arren, gaur egungo egoeran, hura defendatzen duela adierazi du. Izan ere, Araban, Bizkaian nahiz Nafarroan zergak haren arabera aitortzen dituzte, baita Espainian ere.«Gipuzkoako garraiolariok besteen zerga berberak izan behar ditugu, bestela gure jarduera bideraezina izango da».
Abuztuaren 4an bildu ziren sindikatuko ordezkariak Markel Olano ahaldun nagusiarekin eta Eneko Goia Bide Azpiegituretako diputatuarekin. «Justifikaziorik ez duten moduluen bidez garraiolari autonomoak presionatzen jarraitzeko asmoa duten galdetu genien. Irailean erantzungo zigula hitz eman zuen Olanok», azaldu du Ugartek. Dozenaka telefono dei egin eta haren bulegora ere joan diren arren, inolako erantzunik ez dutela jaso gaitzetsi du sindikatuak.
Hiru: «Modulukako sistema zigortzen du diputazioak»
Zerga aitorpenen berrikuspenengatik hainbat garraiolarik jarduera utzi behar izan dutela salatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu