Hiru orduko lanuztea egingo dute EAEko administrazio orokorreko langileek azaroaren 22an

ELA eta LAB sindikatuek salatu dute langile publikoen egoera “oso larria” dela eta Eusko Jaurlaritzak ez duela negoziaziorako borondaterik erakutsi.

ELAko eta LABeko ordezkariek administrazio orokorreko langileen egoera "larria" salatu dute.
Asier Arrate Iruskieta.
2017ko azaroaren 14a
13:27
Entzun

Administrazio orokorreko eta bere erakunde autonomoetako langileen mobilizazioak iragarri dituzte mahai sektorialean gehiengoa duten ELA eta LAB sindikatuek. Azaroaren 22an hiru orduko lanuztea egingo dute, eta elkarretaratzeak Eusko Jaurlaritzak Bilbon, Donostian eta Gasteizen dituen egoitzen aurrean.

Ordezkari sindikalek adierazi dutenez, “urteak” daramatzate enplegu publikoaren inguruko “egoera larria” salatzen eta enplegua egonkortuko duen plan bat aldarrikatzen. Salatu dutenez, “urte luzeetan” ez da egin Lan Eskaintza Publikorik, eta kategoria batzuetan 27 urte daramatzate LEPik gabe. Eledunen esanetan, horrek ekarri du administrazio orokorreko langileen %40 behin behinekoak izatea. 7.000 pertsonako lantaldetik 2.700 dira behin-behinekoak. Lanpostu publikoen galera ere ekarri dute gogora. 2010etik hona 200 lanpostutik gora galdu direla jakinarazi dute, eta Jaurlaritzak zerbitzu publikoak kanpo enpresetara bideratzen segitzen duela. Soldatak %15 murriztea, gaixoaldiak osotasunean ez ordaintzea, erretiroa hartzeko pizgarriak kentzea eta garapen profesionalerako aukera falta ere salatu dute.

ELAko eta LABeko ordezkariek kritikatu dute administrazioa “kontziente dela egoeraz” eta hartu dituen aldebakarreko erabakiek “egoera betikotzea” baino ez dakartela. Horren azken adibidetzat jarri dute Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako lekualdatze lehiaketa. Prozesu horrek, langile finkoak, titulartasunik gabeko postuetara lekualdatuz, bitarteko langileen lanpostuak kolokan jarriko dituela azaldu dute.

“Azken hilabete honetan idatziz eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari negoziazioari ekiteko eta murrizketetan atzera egiteko, eta horri ere entzungor egin dio”, adierazi dute sindikatuetako eledunek. Lanuzte eta mobilizazioen bidez aldarrikatu nahi dute besteak beste, negoziazio eskubidea berreskuratzea, behin-behinekotasuna %6ra jaistea, zerbitzu publikoen pribatizazioa gelditzea, eros ahalmena berreskuratzea eta erretiroa erraztea.

Hurrengo Mahai Orokorra azaroaren 18an bilduko da, eta sektoriala, 28an.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.