Ekonomiak hazteari uzten dionean, kontsumoa jaitsi egiten da, eta, ondorioz, baita prezioak ere. Aurreikuspenek diote hori izango dela datozen hilabeteetako joera. Baina, oraingoz, salneurriei erreparatuta, ez dirudi Espainiako ekonomia atzeraldian erortzeko zorian dagoenik —nahiz eta hala dagoen—. INE Espainiako estatistika erakundeak emandako datuen arabera, iazko azarotik aurtengora %2,9 garestitu da bizimodua, urrian baino hamarren bat gutxiago besterik ez.
Azaroko inflazioaren datua garrantzitsua izaten da, Gizarte Segurantzak pentsioak eguneratzeko erreferentzia gisa hartzen duelako. Eguneratze horrekin pentsiodunek erosteko ahalmenik ez dutela galtzen ziurtatzen du. Aurten, ordea, justu kontrakoa kalkulatzeko balioko du datuak, erosteko ahalmenean zenbateko galera izan duten jakiteko, 2011n pentsioak ez igotzea erabaki zuelako Espainiako Gobernuak. Horrela, bada, aurten erosteko ahalmenean %2,9ko galera izan dute 5,6 milioi pentsiodunek.
Ordainak izozteko erabakiak, ordea, ez zien pentsiodun guzti-guztiei eragin. Gutxieneko pentsioak eta kotizazio gabeko pentsioak jasotzen dituztenak libratu ziren: 3,2 milioi lagun inguru. Urtearen hasieran haien prestazioak %1 igo zituen Espainiako Gobernuak, inflazioa ere %1en bueltan ibiliko zela pentsatuta. Huts egin zuen, ordea, INEren esanetan %2,9koa izan delako azaroan.
Desbideratzea, orotara, 855,57 milioi euro kostako zaio Gizarte Segurantzari. Erosteko ahalmenik gal ez dezaten, prezioen igoera konpentsatzeko aparteko ordainsari bat eman beharko die urtarrilean; 441,69 milioi euro eman beharko ditu horretarako. Hileroko nominan igoera hori egonkortzeko, berriz, beste 414,18 milioi euro eman beharko ditu. Espainiako Lan Ministerioak ohartarazi du eguneratzeak ez diela eragingo aurten lehen aldiz eman diren gutxieneko pentsioei eta kotizaziorik gabeko pentsioei.
Dena dela, atzo INEk aurreratutako datua lehen kalkulu bat baizik ez da oraindik. Abenduaren 14an baieztatuko du azaroko inflazioaren behin betiko datua. Beraz, Espainiako Gobernuak orduan eango du hanka sartzea konpontzeko zehazki zenbat diru erabili beharko duen. Urtearen hasieran pentsio ordainak zenbat igoko dituen ere kalkulatu beharko du ordurako, izozteko erabakia urtebeterako baizik ez baitzuen hartu Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak.
Hiru pentsiodunetatik bik %2,9ko galera izan dute erosteko ahalmenean
Gizarte Segurantzak aparteko ordainsaria eman beharko die gutxieneko pentsioa jasotzen dutenei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu