Tecnaliak taxi hegalaria garatzen ari zela jakinarazi zuen duela bi urte, eta orduko prototipoa garatzen jarraitzen du ikerketa zentroak, inbertsio funts baten babesarekin. Dagoeneko bost milioi eurotik gora baliatu dituzte aerotaxia aurrera ateratzeko. Hori da Tecnaliaren proiektuen artean arreta ematen dutenetako bat, eta datozen urteetan ikerkerta zentroak fruituak ematea espero duena.
Tecnaliako presidente Alex Belaustegik eta zuzendari nagusi Jesus Valerok zentroaren plan estrategikoa aurkeztu dute 2021-2024 urte arterako. Hiru urte barru fakturazioa nabarmen igotzeko plana dauka Tecnaliak, 113 milioi eurotik 140 milioira. Lantaldea ere handituko duela uste dute: 1.440tik 1.525era. Gainera, urtero bost start-up enpresa bihurrarazteko gaitasuna edukitzeko oinarriak jarri dituzte. Gaur egun, urtero 1,2 bilakarazten dituzte.
Tecnaliak 750 euskal enpresarekin kolaboratzen du, teknologia berriak garatu eta industrian aplikatzeko. Ziklo berrian, teknologia oso berritzaileetan jarri nahi du indarra eta ahalegina. Lehenik eta behin, hidrogenoan; "iraultza izango da", esan du Valerok; "haren ekoizpen teknologia hidrogeno berde gisa garatu behar da, eta biltegiratzea ere bai". Duela bi urte start-up bat sortu zuen Tecnaliak alor horretan, eta, energiaren sektorean, berritzaileenetakotzat jotzen da gaur egun. Nazioarteko funts bat sartu da berriki enpresa horretan.
Adimen artifiziala eta komunikazio kuantikoa dira beste bi esparru Tecnaliaren interesekoak: "Epe motzera ez dugu etxean izango ordenagilu kuantikorik, baina teknologia hori giltzarri izango da zenbait sektoretan", azaldu du Valerok. "Enpresen aurretik joan behar dugu guk, bost urte aurretik. Gaur ez dute ordenagailu kuantikorik eskatzen, baina bost urte barru eskatuko dute. Horregatik behar ditugu orain ikerlari adituak esparruan".
Aerotaxia
Tecnaliaren proiekturik deigarriena, ordea, gaur-gaurkoz aerotaxia da. Hegaldii probak egiteko prototipo bat badu, "eta badabil". "Ez dut zalantzarik: prototipo hori entregatzeko gai izango gara, eta funtsak dozenaka milioi euro inbertituko ditu", esan du Valerok.
Belaustegi presidenteak esplikatu du seguruenera Europatik kanpo hasiko duela bere jarduera taxi hegalariak, arautegien kontuengatik. "Europako hiriak ez daude egokiturik aerotaxiak hartzeko, baina munduko beste hiri batzuetan ikusiko ditugu hegan egiten". Belaustegik uste du, dena den, Bilbon eta beste hiri batzuetan urte gutxi barru ikusiko direla horrelako taxiak. "Teknologia ez da arazoa, araudia baizik".