EKONOMIA

Hiru urtean 8.000 enpresa txiki sortu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak

PSErekin hitzartutako enplegu planaren bidez, 32.000 lanposturen sorrera lagundu nahi dute. EH Bilduk plana kritikatu du, haren ustez, aurreko planen "porrotak" eragin dituelako langabe gehiago.

Berria.info
2014ko urtarrilaren 28a
16:43
Entzun

2016. urtera bitarte, Eusko Jaurlaritzak 6.475 milioi euro erabiliko ditu enplegua eta ekonomia sustatzeko. Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, 775 milioi izango dira enplegu planetarako; 3.840, ekonomia indartzeko "neurrietan"; eta 1.860 milioi, enpresei beren maileguetarako bermeetan.

Beste helburu batzuk ere finkatu ditu Jaurlaritzak: 75 ikerketa proiektu berri sortzea, 1.750 enpresa txiki eta ertain nazioartekotzea, beste 1.100k lehiakortasuna hobetzea, eta 3.000 enpresak ikerketa eta garapena egiten hastea.

Urkulluren gobernuak egiten duen bigarren enplegu plana da. Aurrekoa duela hamar hilabete aurkeztu zuen, eta inbertsioa mugiarazteko eraikuntza bultzatzea izan zen haren neurri nagusietako bat. 

Lopezek aurreratutakoa

Planaren neurrietako bat atzo arratsaldean iragarri zuen Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiak: langabeziak gogorren jo duen eskualdeetako udalek aukera izango dute langabeen kontratazioa diru publikoarekin laguntzeko. Kontratu bakoitzeko gehienez 12.500 euro emango ditu Jaurlaritzak. Kontratu horietarako lehentasuna izango dute gizarteratzeko errenta jasotzen dutenek, epe luzeko langabeek eta emakume langabeek. 

Eusko Jaurlaritzaren proposamena PSE-EErekin negoziatutakoa da. Elkarlan hori  "oso garrantzitsua" dela nabarmendu zuen atzo Andoni Ortuzar EAJko lehendakariak. Patxi Lopezek ere adostasun hori azpimarratu gura izan zituen:  "Ahaleginak bateratu behar ditugu, eta alderdikeriak alboratu, krisiari aurre egin ahal izateko". Enplegua suspertzeko egitasmoa joan den irailean bi alderdiek Eusko Jaurlaritzarekin lortu zuten akordio ekonomikoaren ondorioa da. "Adostasunerako zubiak eraikitzen jarraituko dugu aurrerantzean, krisitik irtetea denon erantzukizuna delako", azaldu zuen Ortuzarrek.

Alde biek espero dute aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan galduko diren 4.000 enpleguei aurre egiteko balioko duela 2016. urtera arte iraungo duen estrategia horrek.

EH Bilduren kritikak

EH Bilduk ez du uste plan berriak enplegua sustatuko duenik, Urkulluk ez baitu ezer berririk proposatzen, Belen Arrondok esandakoaren arabera, eta "Jaurlaritza egunero lanpostuak suntsitzen ari da". Arrondok uste du "enplegu planik onena dagoena mantentzeko neurriak hartzea" dela. "Benetako enplegu politika bat abiatzeko aukera galdu dute propaganda operazioa martxan jarrita".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.