Hiru urtean lehen aldiz hipotekak merkatu egingo dira azaroan

Hila %4,37 inguruan itxiko du Euriborrak, eta 30 urterako 160.000 euroko hipotekak 23 euro merkatuko dira

Miren Garate.
2008ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Hipoteka berritzera joandako bakoitzean, kuotak gora. Hori gertatu da hilero-hilero 2005eko irailazgeroztik. Azkenean, ordea, joera aldatu egingo da, etxebizitza edo beste zerbaiten maileguak ordaintzen ari direnen zorionerako. Azaroaren bukaeran %4,37 inguruan egingo du Euriborrak, iaz baino %0,2 beherago.

Hileko egun guztien batez bestekoa eginda kalkulatzen da indizea, eta ohikoena urtean behin berritzea izaten da. Atzo arteko batez bestekoa kontuan hartuta (%4,371), 20 urteko epean 160.000 euroko hipoteka dutenek 21 euro gutxiago ordaindu beharko dituzte aurrerantzean; 30 urtean ordaintzekoa dutenek, 23 gutxiago; 40 urteko epean dutenek, 25 euro gutxiago; eta 50 urtekoa dutenek, 27 gutxiago. Gaurko datua hartu beharko da kontuan azaroko behin betiko batez bestekoa ateratzeko, baina diferentzia euro bat baino txikiagokoa izango da ia seguru.

Itxura guztien arabera, gainera, beherantz jarraituko du hipoteka gehienak kalkulatzeko erreferentziatzat erabiltzen den indizeak. Azaroan, esaterako, egunero-egunero jaitsi da. Eta atzo, 2006ko abendutik estreinakoz %4tik behera amaitu zuen eguna, %3,978an hain zuzen.

Europako Banku Zentralak datorren osteguneko bileran erabakitzen duenak ere izango du eraginikEuriborraren bilakaeran. Interes tasak mantendu edo jaitsi adostu beharko dute egun horretan. Jean Claude Trichet presidenteak baieztatu ez baina ia seguru laga du diruaren prezioa merkatu egingo dutela. Hala gertatuz gero, oso litekeena da Euriborra eregehiago merkatzea eta hurrengo hilean ere kuotek behera egitea.



Zenbakia

%3,978

Atzo. 2006ko abendutik lehen aldiz %4tik jaitsi zen Euriborra atzo: %3,978an itxi zuen eguna. Badirudi aurrerantzean ere beherantz segituko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.