Hiru urtean lehen aldiz langabezia tasa igo egin da Alemanian

ADP erakundearen arabera, abenduan 693.000 lanpostu ezabatu dira AEBetako sektore pribatuan

Miren Garate.
2009ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Udazkenean atzeraldian sartu arren, orain artean ongi eutsi dio enpleguari Alemaniak. Baina Europako ekonomiarik handienean ere krisiaren ondorioak gero eta nabariagoak dira. Langabeziaren igoera da horietako bat. Abenduan, 3,1 milioi langabe zenbatu ditu enplegu bulegoak, azaroan baino 144.000 gehiago, eta langabezia tasa %7,1etik %7,4ra igo da. 2006ko otsailetik enplegurik gabekoen kopurua igotzen den lehen aldia da.

Azken urteotan bost milioi langabe baino gehiago egotetik hiru milioira jaistea lortu da Alemanian. Beheranzko joera hori nagusitu zen iaz ere. 2007koa abenduan, esaterako, 2008koan baino 304.000 lagun gehiago ari ziren lan bila, eta langabezia tasa %8,2koa zen.

Orain, bilakaera hori amaitu den beldur dira herrialdean. «2008a urte ezin hobea izan da. Baina, abenduko zenbakiek erakusten dute krisia hasi zaiola lan merkatuari eragiten», adierazi du Frank Weise Alemaniako enplegu bulegoko zuzendariak. Haren esanetan, 2009ko aurreikuspenak okertu ditu langabezia datuak.

Gobernuak datorren astean aurkeztuko du krisiari aurre egiteko prestatu duen 50.000 milioi euroko plana. Olaf Scholz Ekonomia ministroak adierazi duenez, planaren bidez enpresei laguntzen ahaleginduko dira, krisiak enpleguan ahalik eta gutxien eragin diezaion.

AEBetan ere langabezia gora

Alemanian ez ezik, AEBetan ere langabeziak gora egingo duela aurreikusten da. Bihar emango ditu datu ofizialak Gobernuak, baina atzo Automatic Data Proccesing (ADP) erakundeak egindako ikerketaren emaitzak jakinarazi zituzten. Haren arabera, abenduan azaroan baino 693.000 lagun gutxiago aritzen ziren sektore pribatuan. Zerbitzu enpresetan murriztu dira lanpostu gehien, 473.000; ekoizpen-ondasunen industrian 220.000 lagun gutxiagok egiten zuten lan; eta manufaktura enpresetan 120.000 gutxiagok.

ADPk bildutako emaitzen arabera, enpresa ertain eta txikietan murriztu da enplegu gehien. 500 pertsona baino gehiagoko enpresetan 91.000 lagun gutxiagok egiten zuten lan; 50 eta 499 langilearteko enpresetan 321.000 gutxiagok; eta 50 langile baino gutxiagokoetan 281.000 langile gutxiagok. «Datu horiek argi uzten dute ekonomiaren atzeraldia eraikuntza eta manufaktura enpresetara baino gehiagotara zabaldu dela», adierazi du ADPk.



Urtea amaitzerako, BPGren %8,3ko defizita izango dute gutxienez AEBek

2004an izan zuten orain arteko defizitik handiena AEBek, 413.000 milioi dolarrekoa hain zuzen. Aurten txiki geratuko da kopuru hori.Kongresuko aurrekontuen bulegoak atzo iragarri zuenez, urtea amaitzerako 1,2 bilioi dolarreko defizita izango du herrialdeak. Barne Produktu Gordinaren %8,3 da kopuru hori. Gainera, aurreikuspen hori egiteko ez da kontuan hartu Barack Obama presidenteak krisiari aurre egiteko aurkeztu asmo duen plana. Hasiera batean egindako kalkuluen arabera, neurri horiek bi urtean 800.000 milioi dolarreko kostua edukiko dute. «AEBek bilioi bat dolarreko defizita izango dute urteetan, baina ezinbestekoa da plan hau indarrean jartzea», esan du Obamak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.