Greziako krisia

Hiru urterako laguntza programa eskatu dio Greziak Europako Batasunari

Zergetan eta pentsioetan erreformak proposatu ditu Tsiprasen gobernuak, "datorren astetik hasita". Euroguneko gobernuek igandean jarri dute azken epemuga akordio bat lortzeko; bestela, bankuak erortzen utziko dituzte.

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa Europako Parlamentuan. Krisiari buruz mintzatu da Tsipras ganberako gaurko saioan. PATRICK SEEGER/EFE
Ivan Santamaria.
2015eko uztailaren 8a
07:25
Entzun

Gaur bertan aurkeztu du Greziak ESM erreskate funtsaren laguntza jasotzeko eskaera. Alexis Tsipras lehen ministroak aurreratu du asmo hori Europako Parlamentuan gaur goizean egin duen agerraldian. Hainbat hedabidek eskaeraren gutuna argitaratu dute. Horren arabera, hiru urterako finantzazioa eskatu dio Greziak Europako Batasunari, ESM erreskate funtsaren bidez. Zenbat diru nahi duen ez dago zehaztuta.

Laguntza horren truke erreforma eta neurri zehatzak aurkeztuko ditu Greziak. "Datorren astetik hasita" erreformak agindu ditu zergetan eta pentsioetan. Edonola ere, erreforma programa osoa bihar aurkeztuko du. Horixe da euroguneko gobernuek eskatu ziotena, atzo gauean egindako goi bileran. Herrialdearen zorpetzea luzera begira "eramangarria eta bideragarria" izango dela bermatze aldera, neurriak aztertzeko aukerari "ongi etorria" eman dio Tsiprasen gobernuak, halaber. Laburrera begirako finantza beharrei erantzuteko premiaz jokatzea eskatu die euroguneko bazkideei. Azkenik, euroguneko kide izaten jarraitzeko "konpromisoa" adierazi du gobernuaren gutunak.

Greziaren patuari buruz azken erabakia igandean hartuko da. Egun horretan Europako Batasuneko 28 gobernuburuen goi bilera deituta dago. Negoziazioetan aurrerapauso esanguratsurik ez badago, egun horretatik aurrera Greziako bankuei likidezia moztu eta porrotera eramango dituztela ohartarazi dute Europako erakundeek.

ESM erreskate funtseko presidenteak, Jeroen Dijsselbloemek, jaso du honezkero laguntza eskatzeko gutun ofiziala. Telekonferentzia bidez Eurotaldea biltzeko asmoa zegoen horren edukia aztertzeko, baina azkenean ministroak ez dira batzartuko. Horren ordez, Eurotaldeko lantaldearen bilera egingo da. Hau da, ministro batzarren aurretik bilerak prestatzeko ardura duen organoa. Joan den astean ere halako eskaera bat egin zuen Greziak, baina Europako erakundeek aintzat ez hartzea erabaki zuten, galdeketa igaro arte itxaron behar zela argudiatuta.

Krisiari buruz luze mintzatu da Tsipras parlamentuko saioan, eta argi utzi du ez dutela Europarekin harremana moztu nahi. "Greziarrek mandatu irmo bat eman digute. Ez dugu Europarekin talka egin nahi, baina geure herrialdea bazterrera eraman duten proposamenak eta politikak aldatu nahi ditugu". Europako arazoa dela azpimarratu du, "Europa mailako irtenbideak" behar dituena.

Eskaera berri horiek ez dutela Europako zergapekoen faktura handituko ere ziurtatu du Greziako agintariak.

Laguntzaren truke erreforma "sinesgarri eta beharrezkoa" eskainiko die Tsiprasek euroguneko gobernuei. "Beharrezkoak direla ez du inork ukatzen" argudiatu du. Hori bai, horien zama nork jasango duen aldatu beharko da, aurreko programekin alderatuz. "Zama hori eraman ahal dutenei ezarri behar zaie, ez, orain arte bezala", ohartarazi du. Txiroenen eta klase ertainaren alde aberastasuna birbanatzeko neurriak defendatu ditu. 

Datuetan ere islatu du eskaera hori. Credit Suisse bankuaren txosten bat aipatu du. Horren arabera, greziarren %10ak aberastasunaren %56 du pilatuta. "Horiek ez dute krisiaren irteera errazteko inolako ekarpenik egin, eta ez dituzte ondorioak sufritu, populazioaren gainerako %90ak bezala", Tsiprasen ustez. Horren haritik, austeritate programek porrot egin dutela adierazi du, zerga bidezko diru sarrerak ez dituztelako hobetu. Austeritate neurriak ezartzeko "esperimentua" ere izan direla salatu du, halaber, eta aurretik izandako gobernuei ustelkeriaren eta zerga ihesaren aurka ez zutela ezer egin nabarmendu du.

"Benetan krisia atzean uzteko akordioa behar dugu, tunelaren amaieran argia dagoela erakutsiko duena", laburbildu du lehen ministroak.

Porrotaren ertzean

Europako erakundeetako agintariek hartu dute hitza Greziako gobernuburuaren auretik. Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak atzo gauean azalduko ideiak errepikatu ditu. Hau da, igandea dela akordio bat bideratzeko azken eguna. "Akordiorik gabe Greziak porrot egingo du eta bankuak kaudimenik gabe geratuko dira", haren ustez. Horren ondorioak Greziako herritarrek pairatuko dituztela esan du, baina baita ere Europak berak, "ikuspuntu geoestrategiko batetik".

Azken finean, Grezia eta eurogunea zirt edo zart egitera behartuko ditu bankuen egoerak. Itxita daramate joan den astetik, eta dirua ateratzea mugatuta dago. Gaur arte EBZ Europako Banku Zentralak emandako urgentziazko likideziari esker, ELA izenekoa, jarraitu dute martxan. Laguntza hori mozteko prest dago banku zentrala, konponbide bat hurbil ez badu ikusten. "Akordiorako aukerarik ikusten ez bada, urgentziazko likidezia amaitzera behartuta dago EBZ", ziurtatu du gaur Christian Noyer Frantziak EBZko kontseiluan duen ordezkariak. Gaur berriro bilduko da bankua, likidezia horren egoera aztertzeko. Likidezia handitzen ez den bitartean, bankuak berriro irekitzea ezinezkoa izango da.

Igandeko galdeketan lortutako arrakastaren ondoren, euroguneko beste gobernuburuak konbentzitzeko erronka zeukan atzo Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa. Baikortasunez begiratuta, akordiorako zirrikitu bat irekitzea lortu du. Hots, denak daude azken ahalegin bat egiteko prest. Haatik, ez zaio erraz aterako finantza ministroari.

Ostegunerako, neurriak

Osteguna arteko epea eman diote Tsiprasi hirugarren erreskate baterako proposamen osatu eta zehatza aurkezteko. Hots, ESMren laguntza jasotzearen truke zer egiteko prest dagoen ordurako jarri behar du mahai gainean. Angela Merkel Alemaniako kantzilerak ohartarazi dio hor agertuko diren neurriak galdeketan errefusatu zirenak baino handiagoak izan beharko dutela, negoziazioak abiatzeko. Trukean, zorpetzeari buruz eztabaidatzea eskaini du Alemaniak, baina zorraren parte bat barkatzea ez zaio Greziari eskainiko.

Horren haritik, Grezia eurotik irteteko aukera aurreikusita eta «plangintza zehatza» eginda dutela jakinarazi du Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak. Hauxe da lehen aldia Bruselatik Grexit bat  gertatzea posible dela horren gordin adierazi den lehenbiziko aldia. Europako erakundeetako bi buruzagiak, Tusk eta Juncker, zorrotz mintzatu ziren atzoko goi bileraren ondoren.

Beste batzuk ez dira hain ezkorrak izan. Pierre Moscovici Europako Batzordeko Finantza komisarioak ziurtatu du akordio baterako aukerak badaudela. Greziak euroan jarraitzeko itun baten alde ari da presio egiten Frantziak. "Borondatea dagoenean, beti dago bide bat. Posible da erreforma sinesgarriak aurkezten badira", esan dio Moscovicik BBC telebista kateari.

Bide-orria argi dago, hortaz. Greziak aurkeztu beharko ditu bere proposamenak, eta ondoren euren bideragarritasuna aztertu beharko dute kreditu emaileek — Europako Batzordea, Nazioarteko Diru Funtsa eta Europako Banku Zentrala —, finantza beharrei eta zorraren jasangarritasunari dagokionean. Ebaluazio positibo batek atea irekiko luke negoziazio politikoak abiatzeko. Alemaniak argi utzi du luzera begirako programa adostea ezinbestekoa dela, laburrera begira egoera arintzeko edozein neurri martxan jarri baino lehen.

Zorrarren bideragarritasunaren inguruan ere zerbait jasoko litzateke, 2012an bigarren erreskaterako sinatu zen hitzarmenaren ildotik. Aukera legoke zorpetze hori eramangarria bihurtzeko neurriak hartzeko — epemugak atzeratzea edo luzatzea —, baina Greziari ez zaiola zorpetzerik barkatuko ziurtatu du Merkelek. Urritik aurrera eztabaidatzeko aukera legoke.

Edukiaren inguruan honezkero Greziako Gobernuak eta troikako erakundeek egin dituzten negozioetatik oso urrun egotea ez da espero. Uztailaren 5eko erreferenduma deitu baino lehen — eta baita ondoren ere — proposamenak eta kontraproposamenak trukatu dituzte bi aldeek zergei pentsioei, lan merkatuari eta finantza sektoreari buruz, akordiorik gabe. Horien inguruan eskaintza egin beharko du Greziak orain. Denbora agortzen ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.