Eurotaldeak asteartean egingo du bilera, eta Alexis Tsiprasen gobernuak espero du batzar horretan onartzea hirugarren erreskatearen lehen zatia. "Gaur [igandean] garai zaila itxi da gure herrialdearentzat, eta lehen urratsa egin dugu krisialditik ateratzeko, garai horretan ere zailtasunak egongo badira ere", esan du Tsiprasek parlamentuan. Haren hitzetan, Europako Batasuneko kideek "jaso dute Greziak bere konpromisoak errespetatzen dituelako mezua; orain, haiei dagokie erakustea eurenak errespetatzen dituztela".
Besteak beste, zeharkako zerga batzuk igotzea onartu du legebiltzarrak; BEZa %23tik %24ra igoko dute, eta gora egingo du produktu zenbaitek —tabakoa, gasoila, berogailuetarako gasa— duten zergak ere. Gainera, zerga bat sortuko dute hoteletako gelentzat.
Eztabaida beroa izan dute Greziako Parlamentuan. Kyriakos Mitsotakis Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreko buruak Tsiprasi egotzi dio hartzekodunek ez dutela "inolako konfiantzarik" gobernuan, "eta horregatik ezarri zituzten murrizketa mekanismo automatikoak, horregatik inposatu zuten Greziaren etorkizuna hipotekatzea". Greziako Gobernua "lehenbailehen joan behar da", Mitsotakisen esanetan.
Syntagma plazan, parlamentuaren kanpoaldean, 11.000 lagun inguru elkartu dira neurrien kontra protesta egiteko.