MAKROEKONOMIA

Hirugarren hiruhilekoan %0,4 hazi da eurogunea

Urritik abendura %0,2 eta %0,6 arteko hazkuntza espero du Bruselak

Erredakzioa
DONOSTIA
2003ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetako ekonomiak bizkortze zantzuak eman ondoren, Europako Batasuneko ekonomia ere suspertzen ari da, motelago bada ere. Atzo, Eurostatek zabaldu zuen aurtengo hirugarren hiruhilekoan euroaren eremuko Barne Produktu Gordina %0,4 hazi dela.

Hazkuntza txikia izan arren AEBetan %1,7 hazi da epe berdinean joera aldaketa nabaria erakusten du. Izan ere, 2002ko azken hiruhilekoan eta 2003ko lehenengoan ez zen hazkuntzarik izan eta aurtengo bigarrenean %0,1 murriztu zen. Europako Batasuneko 15 herrialdeak zenbatuta ere %0,4 igo da BPG.Uztailetik irailera arteko datuari esker buelta eman zaio hazkuntza erritmoaren motelaldiari. Horrela, azken 12 hilabeteotan %0,3 hazi da euroguneko ekonomia eta %0,6 EBrena, duela hiru hilabete baino hamarren bat gehiago. Urtea emaitza hobeagoekin amaitzea espero du Europako Batzordeak. Atzo zabaldu zuenez, laugarren hiruhilekoan BPG %0,2 eta %0,6 artean handituko da. Bizkortzeak jarraitu egingo luke datorren urtearen hasieran, %0,3 eta %0,7ko hazkuntzarekin. Hazkuntza erritmoa askoz handiagoa da Atlantikoaren bestaldean. AEBetako BPG %3,3ko erritmoan ari da hazten, duela hiru hilabete baino %0,8 gehiago.

Japonia zulotik at

90eko hamarkadaren hasieraz geroztik pattal aritutako Japonia ere zulotik ateratzen ari da eta litekeena da urtea %2ko igoerarekin amaitzea. Udako hilabeteotan %0,6 handitu da, atzo Japoniako Bankuak emandako datuen arabera. Urtebetean %2,2 hazi da %2,3 Eurostat-en datuei erreparatuz gero. Junichiro Koizumi lehen ministroak itxaropenez hartu ditu datuak: «Uste genuena baino datu hobea da». Koizumiren Alderdi Demokratikoak irabazi zituenigandean Legebiltzarrerako hauteskundeak, baina aurretik zuen gehiengo zabala asko murriztu zaio. Adituen arabera, emaitzek erakutsi zuten japoniarrak ez zeudela ados ekonomiaren bizkortze motelarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.