Ebazpenean Lan Harremanetarako Euskal Esparrua eskatzeko beharra aipatzen da, «euskal erakundeek langileen lan baldintzak hobetzeko beharrezko eskuduntzak izan ditzaten». Ildo horretan, dei egiten zaie erakunde publikoei «esparrua lortu ahal izateko neurriak hartzera». Jaurlaritza sostengatzen duten hiru alderdiek eta SAk adostutako ebazpenak kirioak airean jarri zuen PSE-EEko ordezkaria. Jesus Lozak «lotsagarritzat» jo zuen SArekin akordioa erdietsi izana. «Hirukoak nahiago du akordioak lortu faxistekin demokratekin baino», adierazi zuen Lozak. Juan Mari Atutxak gaiari heltzeko eskatu zion. Jarraian, Rafael Larreina EAko bozeramaileak protesta egin zuen, legebiltzar talde batzuen izen ona «auzitan» jarri zelako.EAJ, EA eta EB-IUk beste bi ebazpen adosturik zituen PSE-EErekin, baina, egoera ikusita, bertan behera utzi zituzten sozialistek. Beste akusazio andana bat bota zuen Lozak ondoren: «Edo hiruko ordezkariek lehendakariari iruzur egin diote, edo lehendakariak gezurra esan zion gizarteari hauteskundeen aurretik, Batasunarekin ez zuela inolako akordiorik sinatuko adierazi zuenean».Hirukoak eta SAk onartutako ebazpenetik aparte, beste ekarpen batzuk ganbararen oniritzia jaso zuten istripuen aurkako planaren eztabaidan. Hala, EAJ, EA eta EB-IUk aurkeztutako guztiak aurrera egin zuten, hainbat SAren aldeko bozarekin edo abstentzioarekin. Hirukoaren ekimenez, Eusko Legebiltzarrak eskuduntzen transferentziaren «blokeoa» salatu zuen, eta enplegu, gizarte segurantza eta formakuntza eskuduntzak Jaurlaritzaren esku uztea exijitu zion Espainiako Gobernuari. Proposamenak aurrera egin zuen hirukoaren botoei esker.
Haserreak haserre eta arazoak arazo, PSE-EEk aurkeztu zituen zenbait ebazpen onartu zituen osoko bilkurak. Horietako batek, estatistikak antolatzeko moduari buruzkoak, legebiltzarreko talde guztien babesa jaso zuen, nekez ikusten den zerbait Gasteizko ganbaran. Onartutako eskarien artean, zigorrei buruzko neurri zehatzak eskatu zaizkio Jaurlaritzari.
Plana erretiratzea eskatu dute PPk eta PSE-EEk
Plana aurkezteko hitza hartu zuen lehenbizi Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak. Egitasmo «aitzindaria eta handinahitsua» dela ziurtatu zuen Azkarragak, eta laneko segurtasun eta osasunarekin zerikusia duten gobernuko administrazio atal guztiek horretan parte hartuko dutela azpimarratu zuen.
Ardatz nagusia, sailburuak zehaztu zuenez, prebentzioaren zereginari buruzko «aldaketa kultural bat» lortzea da. Ildo horretan, prebentzioan eskuduntza duten eragile guztiekin elkarlana sustatuko duela esan zuen Joseba Azkarragak.Planak 48 milioi euroko aurrekontua izango du. Besteak beste, istripuei buruzko behatokia eta administrazio eta kooperatibetarako ikuskatzaile talde bat sortuko dira ekimenari esker. Helburu zehatza istripuen eragina (ezbehar kopurua mila biztanleko) 4,5 puntu jaistea izango da.Sailburuak oposizioaren kritikak entzun behar izan zituen. PPk eta PSE-EEk, gainera, plana gobernuari itzultzea eta berriro egitea eskatu zuten, baina proposamenak ez ziren onartu.Iñaki Ortega PPko kidearen aburuz, egitasmoa «estetika hutsa» da. «Ez da soziala ez aurrerakoia, ez baitu izan sindikatuen sostengua», gehitu zuen. Planari «alde bakarrekoa eta partziala» eta «Osalanen kudeaketa planaren kopia hutsa» izatea egotzi zion.PSE-EEko Jesus Lozak egitasmoaren helburuari «txikiegia» deritzo. «Aurreko bi urteetan, plan zuzentzailerik gabe, istripuen eraginak 3 puntu egin du atzera. Zer dela eta 2006 arte soilik 4,5 jaitsiera bilatu nahi izatea?». Jon Salaberria SAko legebiltzarkideak, bestalde, plana «adabakia» dela uste du, eta Jaurlaritzari autokritika ez egitea leporatu zion. Burujabetasun falta jarri zuen arazoaren oinarrian Salaberriak: «Ez dago ezer lan baldintzen arazoari aurre egiteko ez daukagulako lan harremanak arautzeko ahalmenik».
ELA eta LABen eskaerak
Legebiltzarretik kanpo, ELAk eta LABek planarekiko mesfidati direla berretsi zuten. Sindikatuen aburuz, prekarietatearen aurkako eta lan kontuengatik osasunari egiten zaizkion kalteak aurreikusteko «borroka plana» indarrean jarri behar du Lan Sailak, Hezkuntza, Ingurumen, Industria, Osasuna eta Etxebizitza sailekin elkarlanean.
-
Planaren ardatz nagusiak
Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak prestatu duen plan zuzentzaileak arriskuen prebentzioan «kultura aldaketa bat» bultzatu nahi du.
Aurrekontua: 2003 eta 2006 urteen artean 48 milioi euro bideratuko dira egitasmoa finantzatzeko, 12 milioi urtero. Orain arte laneko segurtasun eta osasuna sustatzeko 9 milioi euro ziren urte bakoitzeko.
Helburu konkretuak: Istripuek langileen artean duten eragina jaisteko hainbat ekimen zehatz gauzatzea aurreikusi du Lan Sailak. Esaterako: Ikerketa eta Garapen proiektuak (16); Lantokietara bisitak (11.160); Prebentzio delegatuen formakuntza (%100 2006an); Formakuntza berezitua jardunaldien bidez (16.600 lagun); Osasunaren zaintza (720 ikuskatze); diru-laguntzak (2,25 milioi euro).
Lau esparru estrategikoak: Planak lau atal nagusi ditu. Kultura eta gizarte kontzientzia; Formakuntza eta kualifikazioa; Prebentzioa eta kontrola; eta prebentzioa enpresetan integratzeko atala.
Behatokia: Martxan jarriko da lan istripuen inguruko behatokia. Istripuak eta horien zergatiak ikertu eta horiei aurre egiteko neurriak diseinatzeko ardura izango du. Horrez gain, osasunak izan ditzakeen arrisku berrien zaintza dagokio. Gainera, urtero laneko segurtasuna zaintzen duten enpresentzako label bat sortuko da.
Jarduera sektorialak: Arazo bereziak dituzten atal ezberdinei arreta berezia eskaini nahi zaie. Orotara, zortzi izango dira sustatuko diren sektore planak: Eraikuntza, Aldi Baterako Lan Enpresak, Laneko jazarpena, poliester gaien eraikuntzan estirenoa ordezkatzea; amiantoa; sasoikako langileak; segurtasuna arrantza ontzietan; kimika sektoreko enpresetan osasunaren zaintza; lana utzi duten langileen jarraipena (amiantoa, minbizia eragiten duten produktuak, biologikoak, etab.)
Ikuskaritza propioa: Gaur egun esku artean dituen eskuduntzak kontuan izanik, ikuskaritza propio bat martxan jarriko du Lan Sailak. Ikuskaritza horren lana administrazio publikoen eta kooperatiben ikuskatzea da. Gainontzekoen kasuan, Espainiako Lan Ministerioak du eskuduntza. Ikuskaritza hori martxan jartzeko 10 ikuskari kontratatuko dituzte. Urtero unitate honen aurrekontua 550.000 euro izango da. Guztira, ia 2.900 lantokiren ardura izango luke: Hezkuntza (628); Osasuna (382); Justizia (233); Udaletxeak (250); polizi-etxeak (26) eta kooperatibak (1.326): Horiei Jaurlaritzaren eta aldundien egoitzak gehitu behar zaizkie.
Istripu gehien dituzten enpresen errolda: Lan eta Gizarte Segurantza Sailak istripu gehien dituzten enpresak zerrenda bakar batean sartu nahi ditu. Errolda horretan egoteak ez ditu baztertuko herrilanak egin ahal izateko, legeak ez baitu baimentzen. Hala ere, gida izan daiteke lan bat kontratatu nahi duten enpresentzat.
-
ISTILUAK, BERRIRO
Bozketa «manipulatzea» egotzi dio Atutxak Iturgaitzi
Ia asteroko kontua bihurtu da. Berriro ere, atzokoan eztabaida politikoak legebiltzarreko ika-mika batek ilundu zuen. Laneko osasun eta segurtasuna bezalako gai garrantzitsu baten eztabaidak epilogo tristea izan zuen. Zoritxarrekoa eta lotsagarria.Legebiltzar taldeen ebazpenak bozkatzeko tenorean iritsi zen. Ganbaran 69 legebiltzarkide zeuden. Falta ziren, hain zuzen ere, Sozialista Abertzaleak taldeko bost ordezkari eta PPko bat: Jaime Mayor Oreja.
Hala ere, bozketako hainbat momentutan 70 legebiltzarkide zeudela azaldu zen bozketak zenbatzeko pantailan. Legebiltzarkide ikustezin horrek zuri bozkatu zuen, hiru aldiz behintzat. Ez zuen, dena den, inolako bozketaren emaitzarik aldrebestu.Azalpena osoko bilkura bukatu eta gutxira etorri zen. Legebiltzarreko presidente Juan Mari Atutxak premiazko bozeramaile batzordea deitu zuen,eta, jarraian, prentsaurrea eskaini zuen.Atutxaren arabera, «manipulazio garbia» izan zen bozketan. Legebiltzarkide bat bere kide baten falta «disimulatzen» ari zen. Gutxienez, hiru aldiz egiaztatu dutela gertatutakoa adierazi zuen Atutxak. Jazoera «deitoragarria eta onartezina» zela adierazi ondotik izen-abizenak jarri zizkion ustezko egileari: Carlos Iturgaitz PPko legebiltzarkideak Jaime Mayor Orejaren presentzia aktibatu zuen. «Nik ikusi dut, eta hiru aldiz gertatu izanak esan nahi du ez dela istripua izan», esan zuen Atutxak. Bozketa ez zuen gelditu nahi izan, «oso akusazio larria» zelako. Gaurtik aurrera aztertuko du Legebiltzarrak ekintza horrek izan ditzakeen ondorioak.PPko Leopoldo Barredak ukatu zuen nahita egin zenik eta SArekin bozkatu izana «ezkutatu nahi izatea» leporatu zion Atutxari.Ez da Atutxak eta Iturgaitzek duten lehenengo afera. Duela gutxi bi osoko bilkuran ez parte-hartzeko zigorra jarri zion PPkoari presidenteak, Azkarragarekin izandako ika-mika bat medio. Zigorra bete eta atzo lehen agerraldia zuen Iturgaitzek.
Leopoldo Barredak ukatu zuen nahita egin zenik eta SArekin bozkatu izana «ezkutatu nahi izatea» leporatu zion.