Hitzen ordez konpromisoak eskatu dituzte Europako sindikatuek

EBko itun fiskala kritikatu dute, ez duelako enplegua sustatzeko neurririk jasotzen; protestak egingo dituzte otsailaren 29anEuropako Batasunean 22,8 milioi pertsona daude lanik gabe; %9,9koa da tasa

2012ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Enplegua eta hazkundea sustatzeko Europako Batasuneko agintariek herenegun onartu zuten adierazpenak ez du gogobete Europako Sindikatuen Konfederazioa. «Hitz hutsak baino ez ditu jasotzen; langabeziaren arazoa konpontzeko konpromisorik ez». Bernardette Segol erakundeko idazkari nagusiaren ustetan, adierazpen horretan jasotako neurriekin nekez konponduko dute arazoa. Ez baitu neurri bakar bat ere jasotzen. «Itun fiskalak Angela Merkelen [Alemaniako kantzilerra] lagun politikariak lasaitu ditzake, baina inolaz ere ez EBko milioika langabe, pobre eta langile pobreak».

Segolen iritziz, gaizki ari dira EBko agintariak. «Aurrekontuakneurritasuna ezarrita orekatu nahi dituzte, baina horrek hazkundea eta enplegua hiltzen ditu». Helburuak hazkunde iraunkorra izan behar lukeela uste du, dudarik gabe. «Benetan behar duguna gizarte itun bat da, EBri bultzada emateko eta langileen eta herritarren konfiantza berreskuratzeko balioko duen itun bat». EBko politika fiskalaren kontra, otsailaren 29an Europa guztian mobilizazioak egingo dituztela jakinarazi du.

Langabezia ez baita txantxetako arazoa EBn. Eurostatek atzo emandako datuen arabera, 22,8 milioi pertsona daude lanik gabe, duela urtebete baino milioi bat lagun gehiago. %9,9koa da langabezia tasa orokorra, eta %22,1ekoa 25 urtez azpikoena. Eurogunean, berriz, 16,5 milioilagun daude langabezian, duela urtebete baino 800.000 gehiago. %10,4koa da tasa orokorra, eta %21,3koa 25 urtez azpikoena.

Hala ere, alde handia dago herrialde batetik bestera. Langabezia tasa orokorrean, batez besteko horien gainetik dabiltzanak merkatuen presiorik handiena jasan eta finantzatzeko arazorik handienak izan dituzten herrialdeak dira: Espainia, Grezia, Irlanda eta Portugal. Baita Eslovakia ere. Hungaria, Polonia, Frantzia eta Italia batez bestekoen bueltan dabiltza. Azpitik, berriz, Italia, Erresuma Batua, Belgika, Txekia, Alemania eta Herbehereak.

Espainiari laguntza

Europako Batzordea, ordea, langabezia tasa orokorrak baino gehiago kezkatzen du 25 urtez azpikoenak, portzentajeak oso handiak direlako eta arazoak EBko herrialde gehienei eragiten dielako. Horregatik, gazteen lan munduratzea sustatzeko enplegu plan eraginkorrak prestatzen lagunduko die langabezia tasa handienak dituzten herrialdeei. Espainiari ere bai, noski.

Pia Ahrenkilde Europako Batzordeko bozeramaileak atzo jakinarazi zuenez, «Europatik eskuratu dezaketen dirua modu eraginkorrean inbertitzen lagunduko diegu, langabeziaren arazoari aurre egin diezaioten». Gazteen langabezia tasa %30etik gorakoa den herrialdeek, gainera, talde berezi bana osatu beharko dute, neurri zehatzak diseinatzeko. Europako Batzordeko adituek eta herrialde bakoitzeko gobernuko, patronaleko eta sindikatuetako ordezkariek osatuko dituzte taldeak. Neurriak prestatzeko 11 asteko epea eman die Ahrenkildek, apirilaren erdira artekoa. «Europako Gizarte Funtseko dirua modu eraginkorrean erabiltzeko moduak aztertu beharko dituzte». Funts horretako 22.000 milioi euro daude erabilgarri; horietatik 2.700 milioi euro Espainiarenak lirateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.