Egitura

Hogei digituen ordez, IBANa

Otsailaren 1etik aurrera ezingo da helbideratze eta transferentziarik agindu IBANa jakin gabe; 24 digituko kodea da, eta harmonizazioa du helburu.

Miren Garate.
2014ko urtarrilaren 19a
21:00
Entzun

Bankuan kontu bat duen orok du IBAN kode bat (banku kontuen nazioarteko zenbakia). Otsailaren 1era arte posible da hura jakin gabe eragiketak egitea; ordutik aurrera, ordea, ezinbestekoa izango da nomina kobratu, argindarraren faktura ordaindu edota atzerriko enpresa bati transferentziaren bat egiteko. Sistema berrira egokitzeko azken lanetan ari dira azken asteotan enpresa eta bankuak. Finantza erakundeek diotenez, arazorik ez dute izan, eta trantsizioa ere lasaia izango dela uste dute. Batzuk hasita daude sistema berria erabiltzen ere. Ipar Euskal Herrian azkarrago doa prozesua Hegoaldean baino. «Urritik darabilgu guk, eta kasu bakar batean ere ez dugu izan arazorik», adierazi du Kutxabankek.  

Zer da SEPA?

Ingelesezko Single Euro Payments Arearen siglak dira, eta Eurotan Ordaintzeko Eremu Bakarra esan nahi du. Nahi dena da eurotan egiten diren nazio barruko nahiz nazioarteko ordainketa elektronikoek araudi berbera izatea. 33 herrialdetan aplikatuko da, Europako Batasuneko 28etan eta Islandian, Liechtensteinen, Monakon, Norvegian eta Suitzan. Jakinarazi dute horrek azkartu, merkatu eta seguruago egingo dituela ordainketak, burokrazia murriztuko delako.

Zein ondorio dakartza?

Bankuko kontuen harmonizazioa ekarriko du, eta, horretarako, kode sistema aldatuko dute. Orain arte, bezeroaren kontu kodea hogei digituk osatzen zuten. Lehen laurek finantza erakundea identifikatzen zuten, hurrengo laurek bulegoa, bederatzigarren eta hamargarren zenbakiak kontrol digituak ziren, eta azkenengo hamarrek identifikatzen zuten norbere kontua. SEPA sistemak kode aldaketa dakar, IBAN deitutakoa jarriko da martxan, eta 24 digitu izango ditu. Aurrena, bi letra agertuko dira, estatua identifikatzen dutenak; gero, bi zifrako kontrol digitua; eta, haien ondotik, gaur egungo kontu zenbakia.

Nori eragiten dio?

Transferentzia eta helbideratze guztiak (nomina ordainketak, pentsioenak, argindar fakturarena...) SEPA sistemaren bidez egin beharko dira; ondorioz, herritar eta enpresa ia guztiei eragiten die. 

Zerbait aldatu behar da?

Bankuari jakinarazitako eragiketetan ez da beharrezkoa izango inongo aldaketarik egitea, erakundea bera arduratuko da. Enpresek ere nomina ordaintzeko ez dute langileari kodea galdetu beharrik izango, bai baitute aukera egungo datuekin kode berria jakiteko. Ordena berrietan, ordea, IBAN kodea jakinarazi beharko da; aski da bankuari galdetzea zein den norberarena, nahiz eta hark igorritako dokumentuetan ere ageri den. Interneten ere hainbat aplikazio daude egungo kodetik IBANerako aldaketa egiten dutenak.

Noiz jarriko da martxan?

Berez, otsailaren 1erako martxan egon behar luke herrialde guztietan, baina Europako Batasunak  sei hilabeteko luzapena onartu du. Hau da, SEPA formatua derrigorrezkoa izango da datorren hiletik aurrera, baina abuztuaren 1era arteko epea izango dute finantza erakundeek sistema berrirako migraziorako. Europako Banku Zentrala haserre agertu da Bruselak hartutako erabakiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.