ekonomia

Hollande-Merkel desadostasunak agerian, Europako Batasuneko buruzagien bileran

Hazkundea sustatzeko neurriak aztertzeko bilera iluntzean amaitu da. Ez dute erabakirik hartu, baina herrialdeetako buruzagiek hazkunderako eta Europaren etorkizunerako proposamenak aurkeztu dituzte. Greziari erreformekin jarraitzeko eskatu diote, "eurogunean etorkizun oparo bat bermatzeko bide bakarra" delakoan.

2012ko maiatzaren 24a
09:54
Entzun

Aurreikusita zegoenez, Europako Batasuneko buruzagiek atzo iluntzean hazkundeari buruz egindako bileran ez zuten erabakirik hartu, baina eztabaidatzeko ez ezik, François Hollande Frantziako presidentearen eta Angela Merkel Alemaniako kantzillerraren arteko desadostasunak agerian uzteko balio izan zuen. 

Merkel berak bileraren ondotik egindako adierazpenetan adierazi zuenez, ezberdintasunak nabarmenak dira bien artean, baina eztabaida "orekatua" izan zutela nabarmendu zuen. Merkelek defendatu zuen eurobonuak jartzeko beharrezkoa litzatekeela "koordinatze ekonomiko indartsuagoa", eta akordio bat lortzeko "zailtasun esanguratsuak" izango lituzketela uste du. 

Hollandek, berriz, bileraren ondoren berretsi zuen bankuak birkapitalizatzeko tresna berriak proposatu zituela —eurobonoak tarteko—. Hollandek babestu eta Merkelek baztertu egin zituzten honako neurriak: eurobonuak jaulkitzea, hau da, euroguneko herrialde guztiek babestutako zor bonuak; Europako Banku Zentralak (EBZ) herrialdeen zorra erostea, zuzenean edo ESM erreskate funtsaren bidez; EBZk finantza erakundeei likidezia ematea; eta ESM erreskate funtsa arazoak dauzkaten finantza erakundeak birkapitalizatzeko baliatzea.

Alemania eta Frantzia elkarlanean aritu dira orain arte, baina orain aurrez aurre jarri dira Europako Batasuneko agintarien goi bileran.

Batasuna indartu beharra

Desadostasunak aparte, buruzagi guztiek ohartarazi zuten 27 herrialdeen batasuna "indartu" beharra dagoela, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak baieztatu zuenez. "Egin beharreko guztia egingo dugu egungo itunei jarraiki", adierazi zuen.

Greziaren inguruan ere mintzatu zen Van Rompuy, eta ekainaren 17ko hauteskundeen ondotik erreformekin jarraitzeko eskatu zion, hori baita "eurogunean etorkizun oparo bat bermatzeko bide bakarra".

"Bere konpromisoak errespeta ditzan nahi dugu", berretsi zuen.

Raxoi, EBZren esku hartze handiagoa eskatuz

Mariano Raxoi Espainiako presidenteak krisitik ateratzeko hainbat neurri izan zituen hizpide bileran; hala nola, defizit publikoaren kontrola eta hainbat herrialdek egin beharreko erreformak.

Horrekin batera, ohartarazi zuen uneren batean Europako Batasunaren etorkizuna aztertu beharko dutela, eta batasunaren alde egin zuen, bai alor fiskalean, baita ekonomikoki ere.

Mariano Raxoi Espainiako presidenteak diru merkea nahi du Espainiako finantza erakundeentzat, likidezia arazoak konpontzeko. Euroguneko finantza erakundeei bilioi bat euro utzi dizkie, %1eko interesean. EBZk zorraren bigarren mailako merkatuetan herrialdeen zorra ere erostea nahi du, arrisku sariak jaisteko. 
 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.