Merkozy-ren ondoren Merkollande-rik ez dela izango berretsi zuen atzo François Hollande Frantziako presidente berriak. Europako Batasuneko agintariek atzo hazkundeari buruzko afari bilera hasi aurretik argi utzi zuen Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ezarritako marra gorriak gainditzeko prest dagoela: eurobonuak jaulkita eta Europako Banku Zentralaren esku hartze handiagoa bultzatuta, esaterako.
Azken asteotan hitzez esandakoa ekintzetan islatzen hasteko lehen urratsa zen atzokoa. Hazkundea lehentasun erretoriko izateari utzi eta praktikoa izaten hastekoa. Arrazoi ideologikoez harago, murrizketa antzuei, atzeraldiari eta langabeziari aurre egin behar diete. Lerro hauek idazteko orduan goi bilera amaitu gabe zegoen.
Goi bilera formaletan asko kostatzen zaie zer edo zer hitzartzea, eta, atzokoa bilera informala izanda, aldez aurretik iragarri zuten ez zutela ezer hitzartuko, ez zutela erabakirik hartuko. Ekainaren 28ko eta 29ko goi bilera prestatzeko topaketa izan zen.
Bilera informala izateko, ikusmin handia sortu zuen, Alemaniaren eta Frantziaren arteko botere borroka agerian geratzea espero zelako. Europako Batasuneko bi nagusien beso-borroka. Aurreko goi bileretan ez bezala, norbaitek —Hollandek— itzal egin zion Merkeli.
Eurogunearen barruan indar harremanak aldatzen ari direla irudikatzeko bilera zen atzokoa. Merkozyren ondoren ez dela Merkollande-rik izango erakustekoa. Eta izango bada, Hollandek ez dela Merkelen altzo txakurra izango agerian uztekoa. Normalean goi bilera guztien aurretik Angela Merkelek eta Nicolas Sarkozyk bilera bat egin ohi zuten, jarrera bateratzeko; atzokoa baino lehen Merkelek eta Hollandek ez zuten bilerarik egin.
Hollandek babes zabala
Merkelek ondoan ditu Herbehereak, Austria eta Finlandia. Hollandek gertu dauzka gainerako herrialde gehienak, Alemaniak estututako gerrikoa pixka bat askatzeko asmoz. Espainia eta Italia ere bai, baina bi herrialde horiek ez dute Alemania haserretu nahi, eta murrizketa gehiago egiteko prest daude. Europako Batzordea ere gertuago dago Hollanderengandik, Merkelengandik baino.
Mahai gainean hainbat proposamen edo eztabaidagai izan zituzten. Batzuk jada hitzartuak edo bideratuak, baina eragin apalekoak: Europako Inbertsio Bankuaren kapitala 10.000 milioi euro handitzea, inbertsioak bultzatzeko; zor bonuak jaulkitzea, garraio, energia eta banda zabaleko proiektuak ordaintzeko; egiturazko funtsak berrantolatzea; eta egiturazko funtsak jaso ahal izateko baldintzak samurtzea. Urtarrilean onartu zuten egiturazko funtsetan gastatu gabe dauden 80.000 milioi euroak azpiegiturak eta ekonomia bultzatzeko baliatzea.
Benetako eztabaida, baina, beste aukera batzuek eragin zuten. Atzoko goi bileraren aurretik jada agerian geratu zen neurri horiei buruz Alemaniak eta Frantziak duten desadostasuna. Hollandek babestu eta Merkelek baztertu egin zituzten honako neurriak: eurobonuak jaulkitzea, hau da, euroguneko herrialde guztiek babestutako zor bonuak; Europako Banku Zentralak (EBZ) herrialdeen zorra erostea, zuzenean edo ESM erreskate funtsaren bidez; EBZk finantza erakundeei likidezia ematea; eta ESM erreskate funtsa arazoak dauzkaten finantza erakundeak birkapitalizatzeko baliatzea.
EBZk herrialdeei zorra erostea nahi dute, batez ere, Espainiak eta Italiak. Erreskatea jaso duten herrialdeak albo batera utzita, zorra finantzatzeko gehien ordaindu behar duten herrialdeak dira.
Mariano Raxoi Espainiako presidenteak diru merkea nahi du Espainiako finantza erakundeentzat, likidezia arazoak konpontzeko. Euroguneko finantza erakundeei bilioi bat euro utzi dizkie, %1eko interesean. EBZk zorraren bigarren mailako merkatuetan herrialdeen zorra ere erostea nahi du, arrisku sariak jaisteko. EBZk egunak daramatza herrialdeen zorra erosi gabe. Raxoiren eskaerak babestu zuen Hollandek atzo, bi agintariek atzo Parisen egin zuten bileran.
Bankuen birkapitalizazioa
Hollandek uste du komenigarria litzatekeela arazoak dauzkaten Espainiako finantza erakundeek ESM erreskate funtsera jotzea, birkapitalizatzeko diru eske, estatuen baimenik behar izan gabe; Espainiako Gobernuak, ordea, «gaur-gaurkoz» ez du aukera hori baliatu nahi. Beraz, ez du aukera erabat baztertu.
Merkel, Alemania, eurobonuen kontra dago, eta atzoko goi bilera aurretik bere jarrera berretsi zuen: «Eurobonuak legez kanpokoak dira». Alemania eurobonuak jaulkitzea planteatzeko prest dago, beti ere urte batzuk barru, herrialdeek defizita mugatzeko egiturazko erreformak egin eta gero, eta harmonizazio fiskala lortzeko urratsak egin ostean.
Merkelek errezeta ezagunak proposatu zituen hazkundea bultzatzeko: lan merkatuak malgutzea, barne merkatua indartzea eta langileen mugikortasuna bultzatzea.
Grezia ez zegoen atzoko goi bilerako gai zerrendan, baina bileraren aurretik agintari gehienek hitz egiten zuten Greziaz. Belgikak baieztatu zuen herrialdeak aztertzen ari direla Grezia eurogunetik ateratzeak izan ditzakeen ondorioak.
Bileraren aurretik, Bundesbankek, Alemaniako banku zentralak, gasolioa bota zion suari: esan zuen Grezia eurotik ateratzeak ondorio «nabarmenak» baina «kudeatzeko modukoak» izango lituzkeela eurogunearentzat eta Alemaniarentzat.
Europa krisian. Hazkundea eztabaidagai
Hollandek itzalpetuta
Alemania eta Frantzia elkarlanean aritu dira orain arte, baina orain aurrez aurre jarri dira Europako Batasuneko agintarien goi bileranEspainiak likidezia eta esku hartze handiagoa eskatu dizkio EBZri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu