Hemen gehiengo sindikala urtarrilaren 27ko greba orokorrerako deialdi ofiziala egiten ari zela, Madrilen pentsioen erreformari buruzko negoziazioetan daude CCOO eta UGT. Estrategia erabat desberdinei eusten diete sindikatu abertzaleek eta Madrilekin lotura dutenek. Kasu honetan bederen, negoziazioen bidez ezer lortzerik ez dagoela uste dute lehenengoek; azken unera arte negoziatzen saiatzea merezi duela bigarrenek. Ondorioz, greba hotsa indartzen ari da Hego Euskal Herrian, baina apaldu egin da Espainia aldean. Iraileko lehen saioaren ondoren sindikatuak beren indarrez ziur ez dauden seinale?
Greba hotsa erabat isilduko ote den asteburuaren ondotik ikusiko da. UGTko buruzagitza astelehenean da biltzekoa, eta CCOOkoa, berriz, asteartean. Azken sindikatu horretako komunikazio idazkari Fernando Lezcanok atzo onartu zuenez, egun horretan erabakiko dute greba egingo duten ala ez. Ordura arte, negoziazio sakonak agindu dituzte Espainiako Gobernuak eta sindikatu nagusiek. «Akordioa lortzeko nahiko denbora badago», esan du Valeriano Gomez Lan ministroak; «ahalegin handiak» egingo dituela erantzun dio Lezcanok, baina «gatazkaren eta akordioaren arteko muga» 67 urteko erretiroan datzala gogorarazi dio.
Planteamendu horrekin, badirudi gatazka saihestezina dela, Madrilentzat puntu ukiezin bakarra baita erretiroaren adin ofiziala bi urtez atzeratzea. Jose Luis Rodriguez Zapaterok 67 zenbakira apustu egin du nazioartean geratzen zaion sinesgarritasun guztia, eta sinesgaitza da orain atzera egitea. Batez ere kontuan hartuta Kongresuan nork lagunduko dion topatzeko bidean dagoela.
Zerk eragotzi dezake orduan CCOOk eta UGTk ere grebara deitzea? Besteak beste, bi sindikatu horiek herritarrei eta afiliatuei saldu ahal izatea beren negoziazioari esker 67 urteko erretiroan salbuespen franko izango direla. Hau da, sistema malgua izatea, eta aurretik erretiratu ahal izatea lan bizitza luzea dutenek, lan bereziki gogorra egin dutenek edo pentsioaren zati bat uzteko prest daudenek.
Analisia. Iker Aranburu
Hots ozenak eta apalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu