HSBC mugimendu estrategiko handia prestatzen ari da. Hong Kongeko burtsara igorritrako txosten batean iragarri du bere lantaldean berregituraketa handi bat egingo duela luze gabe, eta horrek langile guztien %10 kalean geratzea ekarriko duela, 22.000 langile mundu osoan. 4.430 milioi euroko kostuak murriztu nahi du banku erraldoiak eta 2017rako ondare garbiarekiko %10eko sarrerak lortu.
Kaleratze kopuru handi hori plan sakonago baten aldagaia da. HSBC bere negozioaren orekak aldatuko ditu; Turkia eta Brasilgo merkatuak uzteko erabakia hartu du, eta inbertsioa Txinara eramango du. Asiako merkatuan posizio hobeak lortu nahi ditu finantza merkartuetan, bereziki Txinan eta Asiako hegoekialdean. Yuanaren nazioartekotzeko estrategia abiaraziko duela dio HSBCren txostenak.
Europako banku handienak azaldu du zerbitzuen automatizazioak eta banku digitalak langileen soberakina ekarri dutela, eta kaleratze horiek egin beharrean dagoela. Ez da kaleratze masiboa egiten duen lehen aldia; 30.000 lanpostu desagerrarazteko berregituraketa iragarri zuen 2011n HSBCk. Lantaldea berriro murriztuko duela iragarri eta gero, %2,4 igo dira bankuaren akzioak Hong Kongen, hileko irabazi handiena.
Diru zuriketaren ikerketa
Bere jardueraren epizentroa Asiara eramateko asmo horrek egoitza nagusiaren kokapenari ere eragingo lioke. Londrestik Hong Kongera mugituko luke bankuak egoitza nagusia; sinbologiatik harago, Falciani zerrendarekin lotutako eskandaluei begira garrantzia izan dezake aldaketa horrek.
Horiek horrela, HSBC Herve Falcianiren izenari lotua agertu da azken urteetan, eta hark ostutako datuekin osatutako iruzurgileen zerrenda ospetsuari. Izan ere, Justizia bankua ikertzen ari da, ustez milaka bezerori dirua zuritzen laguntzeagatik. Suitzako fiskalak abiatu ditu aurten HSBC ikertzeko ekinbideak. Egoitza nagusia Londrestik Hong Kongera eramateko asmoak ekinbide horiekin lotura izan dezaketela agerikoa da zenbait aditurentzat.
HSBC 870.000 milioi eurotako aktiboen jabea da, 13.800 milloi eurotako irabaziak ditu zerga ondoren, eta mundu osoan dauzka bulegoak 250.000 langilek dihardute harentzat eta 125 milioi bezero dauzka.