"Gehiegizko defizita ez murrizteagatik", Hungariarentzako 495 milioi euroko laguntza bertan behera uzteko proposamena egin du gaur Europako Batzordeak. Erabakia ez lukete aurtengo urtean ezarriko, 2013ko urtarriletik aurrera baizik.
"Erabakia neurrikoa, justifikatua eta badaezpadakoa da", esan du Olli Rehn Ekonomiarako batzordeko komisarioak Bruselan, prentsaurreko batean. "Helburua Hungariako ekonomian berriz ere konfiantza sortzea da", Rehnen arabera. Johannes Hahn komisarioaren ustez, berriz, "xedea ez da zigortzea. Hungariak etxe barruan ordena jartzeko pizgarri izan nahi du neurriak".
2011n Hungariako defizita ofizialki %3,6koa zen, baina Europako Batzordeak uste du kalkulu hori egitean unean uneko neurri batzuk eta "salbuespeneko" osagaiak hartu zirela kontuan, eta zorra %6koa izan zitekeela.
Rehnek adierazi du Hungariak ez duela neurririk hartu defizita jaisteko, "Bruselak maiz ohartarazi izan duen arren".
Europako Batzordeak Belgika, Zipre, Malta eta Poloniako zor publikoaren mailak ere aztertu ditu, eta iritzi dio herrialde haietan bai hartu zituztela neurriak defizita %3tik behera jartzeko.