«Hutsak» izan direla onartuta joan da Fernandez Ordoñez

Gobernadoreak esan du Espainiako Bankuaren irizpideak «beti» profesionalak izan direla

Erredakzioak
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Azken hitzaldia eman zuen atzo Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadoreak. Hasieratik pertsona polemikoa izan da, eta sei urteren buruan haren agintaldiak ez du amaiera samurrik izan. Finantza krisia gainbegiratzean egindako lana auzitan jarri diote, eta aurreikusi baino hilabete bat arinago utzi behar izan du kargua, PPko gobernuak estuta.

Espainiako Bankuko gobernu kontseiluaren aurrean iazko txostena aurkeztea zegokion atzo. Oro har, finantza eta ekonomiari buruzko azken aldaketak izan zituen hizpide, baina krisiaren enbatak hitzaldi osoari eragin zion. Hala, Fernandez Ordoñezek aitortu zuen balitekeela bere agintaldian hutsak egon izana. «Nik ezin dut esan gainbegiratzeko zereginetan Espainiako Bankuak hutsik egin ez duela, baina ziurta dezaket erabakiak beti irizpide profesionalen araberakoak izan direla».

Jakina zen Fernandez Ordoñezek —MAFO siglarekin ezaguna egin da— ez zuela karguan jarraituko. Haatik, azken asteotan zeharo gaiztotu da haren egoera, batez ere Bankiako krisiaren eta erreskate publikoaren ondotik. Kongresuan aferari buruzko azalpenak ematea debekatu zion gobernuak, eta atzo ez zuen tirabira aipatu gabe utzi. «Herrialdeko ordezkariei kontuak ematea ez litzateke soilik betebeharra izan behar, baizik eta eskubidea ere bai », nabarmendu zuen.

Hutsak egin direla aitortuta ere, Espainiako Bankuaren defentsarekin amaitu zuen agerraldia Fernandez Ordoñozek. «Denborak bakoitza dagokion tokian jartzen duenean, erakundeari krisi urteetan egin duen lana aitortuko diote guztiek».

Gomendioei dagokienez, ohiko tesiei eutsi zien, eta krisiak irauten duen arren erreformekin aurrera jarraitzeko eskatu zion gobernuari. Halaber, arazo nagusiari buruzko ikuspuntu propioa eskaini zuen. «Aldagai kritikoena ez da hazkundea, ez langabezia, konfiantza galtzea baizik».

Gobernadoreordea, airean

Iragarrita zegoen bezala, Fernandez Ordoñez ordezkatuko duen pertsonaren proposamena ofizial bihurtu zuen atzo Ministro Kontseiluak. Luis Linde teknikari beteranoak hartuko du kargua. Ez du agintaldi luzea izango, hala ere, 67 urte dituelako, eta gobernadorea izateko asko jota 70 urte izan ditzakeelako. Hasiera batean, astelehenean hartu behako luke kargua.

Arazo gehiago sortu dira haren ondokoa aukeratzeko, ordea. Gobernadorea izendatzea gobernuaren eskumena da, baina gobernadoreordea oposizioko alderdi nagusiak aukeratzen du, eta izendapenari ez zaio trabarik jartzen. PPk tradizioa hautsi du aurten. PSOEk Soledad Nuñez proposatu zion gobernuari. Popularrek ez dute begi onez ikusten, eta Zapaterorekin Altxor zuzendaria izan zela argudiatzen dute. Kargua nork hartuko duen negoziatzen ari dira oraindik bi alderdiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.