Europa

Hutsunez betetako parlamentua

Inoiz baino botere handiagoa hartu du Europako Parlamentuak, baina, hala ere, erabakimen oso txikia du oraindik. Hona ganberatik pasatu diren neurri nagusiak.

Saïd El-Khadraoui europarlamentaria, Estrasburgoko ganberan. PATRICK SEEGER / EFE
Jon Fernandez.
2014ko maiatzaren 18a
15:24
Entzun

Legebiltzar konbentzional bat izateko urrun dago Europako Parlamentua. Alderdi politikoek behin eta berriz errepikatu dute asko dagoela jokoan datorren domekako hauteskundeetan. Baina zenbat da asko? Zer dago jokoan? Zer botere du Europako Legebiltzarrak? Inoiz baino botere handiagoa du, baina, hala ere, munduko legebiltzar demokratiko gehienek baino dezente gutxiago. Europako gai garrantzitsuenetan izaera aholku emailea baino ez dauka.

2009ko Lisboako Itunak bikoiztu egin zuen Europako Legebiltzarretik pasatu beharreko gai politikoen kopurua. Azken legealdiko neurri erabakigarrienak bertan eztabaidatu dituzte: banku batasuna, 2020ra arteko aurrekontuak —legebiltzarrak lehen aldiz izan du erabakimena aurrekontuetan—, Nekazaritza Politika Bateratua (NPB), arrantza erreforma, telefonoen roaming-a... Baina eurodiputatuen hitza, kontuan hartu bada ere, ez da azken hitza izan.
Izan ere, estatuetako parlamentuek ez bezala, Europakoak ez du bere kabuz lege proposamenik egiteko eskumenik.

Eurodiputatuek bete beharrekoak ez diren erabakiak har ditzakete, gai baten inguruan euren jarrera zein den erakusteko. Edo Europako Batzordeari gomendioak egin diezaiokete, hark lege proposamen bat abiatu dezan. Baina gomendioa ez da bete beharrekoa. Zuzentarauak —EBko legeak— proposatzea Europako Batzordeari dagokio soilik. Legeen ibilbide luzean, parlamentutik pasatzen dira zuzentarauak, eta Europako Kontseilura —28 presidenteen kontseilura— bidali aurretik, haiek moldatzeko, zuzentzeko edo atzera botatzeko eskubidea du legebiltzarrak. Baina azken erabakia kontseiluarena da: legebiltzarrarekin bat badator, onartu egiten da zuzentaraua, eta hala ez bada, kontziliazio batzorde bat sortzen dute ados jartzeko. Lisboako Itunari esker, eta azken hitza izan ez arren, erabaki garrantzitsuetan presio egiteko erakunde bihurtu da Europarlamentua.

Banku batasunerako bidean emandako pausoak izan dira, ziurrenik, krisialdiaren legealdian —2009ko uztailetik 2014ko apirilera arte iraun du Europako Legebiltzarraren VII. legealdiak— Bruselak hartutako neurririk garrantzitsuenak. 2002an euroa sortu zenetik lortu den akordiorik garrantzitsuena izan da, Michel Barnier Europako Batzordeko barne merkatu eta zerbitzuetako komisarioaren esanetan. Bi urteko negoziazioak behar izan dira, bide guztiak amaitu behar izan dira, eta kontziliazio batzordean adostu behar izan dute banku batasunaren ituna. Neurri izarra Europarlamentuaren legealdiaren azken txanpan onartu dute eurodiputatuek, apirilean, legealdiko azken osoko bilkuran.

Hauek dira Europako Batasunak azken bost urteetan hartu dituen erabaki ekonomiko nagusietako batzuk, eta Europako Legebiltzarretik pasatu direnak: 

Banku batasuna

Joan den martxoan itxi zuten ituna, Europako Batzordeko, parlamentuko eta kontseiluko ordezkarien arteko hamazazpi orduko bilera baten ostean. EBn banku sistema bakar eta bateratu bat lortzea du helburu. Hiru oinarri ditu: bankuak kontrolatzeko ikuskaritza bateratua eratzea, bankuak onbideratzeko eta likidatzeko prozesua arautzea eta gordailua bermatzeko sistema sortzea. Baina, oraingoz, soilik lehen biak onartu dituzte, Alemaniaren erresistentziagatik.

EBZ Europako Banku Zentrala bihurtuko da aurtengo azarotik aurrera Europako banku nagusien gainbegiratzaile bakarra. Neurri horretan ere Angela Merkelen baldintzak atera dira garaile. Euroguneko 6.000 bankuetatik gehienez ere 200 egongo dira EBZren zuzeneko zaintzapean datorren azarotik aurrera, eta gainontzekoek euren estatuen menpe segituko dute. Berlinek ez zuen nahi EBZk muturra sartzerik Alemaniako lekuko eta landerretako banku eta kutxetan —aktibo toxiko ugari dituzte—, eta ez du sartuko, EBZren kontroletik at geratu baitira. Soilik 30.000 milioi eurotik gorako aktiboak dituzten bankuak gainbegiratuko ditu EBZk, edo estatuaren BPGaren %20 gainditzen dutenak. Kutxabank eta BBVA, euren lehiakide  nagusiekin batera, Frankfurten zaintzapean geratuko dira, Laboral Kutxa, aldiz, ez.

Bigarren aldaketa handia etorkizunean porrot egiten duten bankuen erreskatearen fakturaren ordainketan dago. Etortzen diren krisietan ez dute herritarrek, diru publikoz, ordainduko bankuen erreskaterik, bankuek eurek baino: lehenik eta behin bankuen akziodunek eta inbertitzaileek galeraren parte bat euren gain hartu beharko dute. Eskema horretan soilik salbuetsita geratu dira 100.000 eurotik beherako gordailuak. Horiek ez dute inoiz ere galerarik izango, bankua likidatzea eta ixtea erabakitzen bada ere. Likidazio sistema 2015ean jarriko da martxan. Bankuek likidazio funts bat osatuko dute eurek jarritako diruarekin, horrela euren kontura aterako da erreskateen faktura. Helburua EBko gordailu guztien %1 horretara bideratzea da. Guztira, 55.000 euro. Baina Berlinen presioaren ondorioz, Bruselak zortzi urteko epea eman die bankuei funtsa osatzeko; bitartean, herrialde bakoitzak bere funtsa izango du.  

"Banku batasuna aurrerapauso bat da, baina ez da nahikoa egungo erronkei aurre egiteko", Andreu Misse Alternativas Económicas aldizkariko zuzendariaren arabera. Batez ere, gordailuak bermatzeko sistema bakarra bertan behera geratu delako agertu da kritiko Misse. "Arriskuen mutualizaziorako erresistentziarekin egin dugu topo berriro. Oraingoz, herrialde bakoitzak bermatu beharko ditu bere herritarren gordailuak".

Bankarien sariak

Iazko apirilean bankarien sari eta pizgarriak mugatzea onartu zuen Europarlamentuak. Aurtengo urtarriletik indarrean dagoen legearen arabera, bankariek ezingo dituzte euren urteko soldata finkoa baino diru gehiago jaso sarietan; bai, pizgarriekin euren soldata bikoiztu ahal izango dute akziodunen gehiengoak hala onartzen badu. G20koek onartutako Basilea III itunaren EBrako moldaketa bat da, eta legebiltzarrak bozkatutakoa aurrez Ecofineko 28 ordezkariek adostutako testua izan zen. Bankuek gutxienez %8ko kapital printzipala izatea ere agintzen du zuzentarauak, baina zigorren xehetasunak eta aplikazioa estatu bakoitzaren esku daude.

Aurrekontuak

Lehen aldiz, Europako Parlamentuak zeresana izan du aurrekontuak onartzeko. Iazko azaroan onartu zuten europarlamentariek 2014tik 2020ra bitarteko EBko aurrekontua, 960.000 milioi eurokoa (EBko BPGaren %1 inguru). Urtebeteko negoziazio luze baten azken fasea baino ez zen izan legebiltzarraren onarpena. EBko presidente guztiek sekulako tirabirak izan zituzten 2013ko otsailean —30 orduko negoziazioak tarteko— ados jartzeko: estatu aberatsenek murrizketa gehiago eskatzen zuten, eta hegoaldeko eta ekialdeko agintariek, aldiz, artazirik ez sartzeko eta dirua hazkunde eta enplegu politiketara bideratzeko. Azkenean, aurreko aurrekontuetan baino 34.000 milioi euro gutxiagoko kopurua onartu zuten, Londres eta Berlinen tesiak nagusituz. Trukean, Paris, Madril eta Erromakoak apur batzuk bildu zituzten: Nekazaritza Politika Bateraturako (NPB) dirua gehiegi ez murriztea, eta gazteen langabeziari aurre egiteko sail berezi bat sortzea, 6.000 milioi eurokoa.   

Nekazaritza politikak

Iazko azaroan, aurrekontuek onartu eta biharamunean onartu zuen Europako Parlamentuak NPBaren erreforma. Gutxi gorabehera aurrekontuen heren bat hartzen du nekazaritzarako diru sailak. Honako hauek dira legebiltzarrak onartutako azken erreformaren aldaketa nagusietako batzuk: 2015ean desagertu egingo dira esnearen kuotak; mahastien landatze eskubideen egungo sistema aldatu egingo da 2016an; 150.000 eurotik gorako laguntzak jasotzen dituzten nekazariei, gutxienez, %5 murriztuko zaizkie laguntzak; estatu bakoitzak dagokion kantitatearen %2 nekazari gazteei laguntzeko erabili beharko du, eta estatuak erabakiz gero nekazari txikiei laguntzeko mekanismo bereziren bat jartzea, 1.500 euro baino gutxiago jasotzen duten nekazariak automatikoki erregimen horretara pasatuko dira.

Arrantza erreforma

Estatu kide bakoitzak bere arrantza kuotak txikitu beharko ditu 2015etik aurrera, eta 2019ra bitartean, arrantzako bazterkinak itsasora botatzea apurka-apurka debekatuko dute. Horixe erabaki zuten eurodiputatuek iazko abenduan. Legebiltzarrak lehen aldiz izan du erabakimena APB Arrantza Politika Bateratuaren erreforman. Bi urtez negoziatu dute erreforma Europako Batzordeak eta kontseiluak legebiltzarrarekin. Legea urtarriletik dago indarrean, eta helburu nagusia datozen urteetan itsasoan arrain kopurua handitzea eta arrantza mota jasangarriak sustatzea da. Arrantza sektoreak 35.600 milioi euroren diru sarrerak sortzen ditu egun EBn, eta 310.000 laguni ematen die lana.  

‘Roaming’-a

Europako Batzordeak proposatutakoa onartu zuen Europarlamentuak joan den apirilean: 2016rako kentzea nazioarteko deiak egiteagatik dauden gainkostuak. Roaming-a debekatzea, alegia. 2015eko abenduaren 15etik aurrera telefono konpainiek ezingo dute gainkargarik kobratu EBko beste estatu batean sakelakoa deiak egiteko, mezuak bidaltzeko edo Interneten nabigatzeko erabiliz gero. Martxoan, berriz, sakelakoentzako kargagailu bakarra ezartzeko zuzentaraua onartu zuen. Dena ondo bidean, 2017an sartuko litzateke indarrean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.