Ia 400 milioi euroren isuna ezarri diete Frantziako hamaika bankuri

Txekeengatik komisioak hitzartzea eta kobratzea leporatu die Lehiaren Frantziako Agintaritzak

Erredakzioa
Donostia
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Frantziako 11 bankuk 4,3 zentimo kobratu zituzten 2002ko urtarriletik 2007ko uztailera kudeatu zuten txeke bakoitzeko. Orain, Lehiaren Frantziako Agintaritzak 384,9 milioi euroren isuna ezarri die, komisio hori guztien artean hitzartu zutelako eta kobratzeko arrazoirik ez zutelako.

Banku horiek komisioa kobratzea hitzartu zuten, txekeak kudeatzeko sistema informatizatua indarrean jarri bitartean. Komisioa kobratu zieten Frantzian trukatu ziren bost txeketik lauri. Lehiaren Agintaritzaren kalkuluen arabera, bankuek 220 milioi euro bildu zituzten komisio horri esker. Lehiaren Agintaritzak ikerketa hasi zuenean,2007ko uztailean, bertan behera utzi zuten.

Erakunde horrek salatu du txekeak kudeatzeko sistema informatizatuak gastuak murriztu dizkiela bankuei, baina hori ez dela islatu herritarrei eta enpresei aplikatutako prezioetan.

Hauek dira zigortutako 11 bankuak: Banque de France, BPCE, Banque Postal, BNP Paribas, Confederation National de Credit Mutuel, Credit Agricole, Credit du Nord, Credit Industriel et Comercial, LCL, HSBCH eta Societe Generale. BPCEk eta Credit Agricolek ordaindu beharko dute diru gehien: 90,9 milioi euro eta 82,9 milioi euro, hurrenez hurren.

BNP Paribasi, BPCEri, Credit Mutueli, Societe Generali, Credit Agricoleri eta LCLri %20 handitu diete beren zigorra, 2000. urtean ere isuna ezarri zietelako lehiaren kontrako jokabideak izateagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.