Abenduaren 9tik greban daude Irungo eta Urnietako Ibilgailuen Azterketa Teknikoko enpresetan. Alemaniako TUV Rheinland multinazionalak kudeatzen ditu biak, baina lan baldintza ezberdinak dituzte. 2007an hitzartutakoa bete, eta horiek parekatzeko eskatzen dute langileek. Enpresak batere borondaterik ez duela eta, «inplikatzeko» eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, «zerbitzuaren jabea delako».
ELAkoak dira langile batzordeko bost ordezkariak. Unai Martinez sindikatuko industria arloko arduradunak atzo jakinarazi zuenez, gatazkarekin ez duela zerikusirik esan die orain artean Jaurlaritzak. ELA ez dago ados. Behar bezalako zerbitzua ez emateagatik kontratua ere ken diezaiokeela esan du. 1994an erabaki zuten ibilgailuen azterketa teknikoa pribatizatzea, eta 30 urterako kontratua irabazi zuen TUV Rheinlandek.
«Negoziazio kulturarik» ez duela enpresak esan zuen Martinezek. «Dirua irabazi beste helbururik ez du, berdin zaio langileek zein lan baldintza dituzten, eta nolako zerbitzua eskaintzen duen». 64 langilek egiten dute lan bi lantegietan, 33k Irungoan eta 31k Urnietan. Hiru kategoriatan daude banatuta langileak: administraziokoak, teknikariak eta ikuskatzaileak. Kategoria berekoak izan arren, bi lantegien artean 700 eurotik 1.900 euro arteko diferentzia dagoela soldatetan adierazi zuten.
Egunean 700 ikuskatze
Finean, 2007ko hitzarmena betetzeko eskatzen diote langileek enpresari. Bi lantegietako baldintzak parekatzeaz gain, hiru aldarrikapen nagusi dituzte. Alde batetik, zerbitzuaren kalitatea hobetzea, horretarako inbertsioak eginda; bigarrenik, langileen lana aitortzea, zerbitzu publikoaren betebehar guztiak bete arren ez dituztelako sektore publikoko langileen baldintzak. Eta azkenik, apurka funtzionarioen lan baldintzekin parekatuz joatea.
Jende askori ari da eragiten ibilgailuen azterketa teknikoko greba. ELAren arabera, egunero 700 ikuskatze egiten dira Irunen eta Urnietan. Enpresa berak beste bi lantegi ditu Nafarroan.
IATen greban «inplikazioa» eskatu dio ELAk Jaurlaritzari
Enpresak negoziatzeko batere borondaterik ez izatea gaitzetsi dute Irungo eta Urnietako langileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu