Iaz, 100.000 langileri baino gehiagori eragin zieten enplegu erregulazioek

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan behin-behineko dosierra zuten beharginen erdia lanera bueltatu dela ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2010eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Industria moldaketa gogorren garaiko irudiak eta datuak gaurkotu ditu atzeraldi ekonomikoak. Estatistika ofizialen arabera, 35.000 lagunek lanpostua galdu zuten 2009an. Horrekin batera, erregulazio eskaeren oldea milaka langileren amesgaizto bihurtu da. Guztira, urtearen joanean 100.000 langile baino gehiago egon dira dosierren menpe Hegoaldean.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 3.245 eskaera baimendu zituzten iaz,behin-behinekoak eta behin betikoak aintzat hartuta. Horrek 89.700 langileri eragin zien. Halaber, urria arte Espainiako Lan Ministerioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ondorioak izan zituzten 139 dosier ontzat jo zituen, eta beste 11.000 langileri eragin zieten. Madrilek azken bi hilabeteko datu ofizialak eman gabe, gainditu da 100.000 kaltetuen kopurua.

Abenduan Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 372 dosier baimendu zituzten, urteko kopururik handiena. Langile kopuruari dagokionez, soilik otsailean izan ziren gehiago. Abenduan, hain zuzen ere, 11.530 langilerentzako dosierrak onartu ziren.

Datua ez dela hain txarra iradoki du Patxi Lopezen gobernuak, ordea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 589 dosierren iraupena amaitzen zen abenduan, eta hiru herrialde horietan 310 onartu ziren. Besteak beste, 179 enpresek eskaera berritu, eta bigarren txanda baterako baimena eman zitzaien.

Lanera bueltatzen, apurka

Abenduko datua txarra izanagatik, erregulazio eskaeren garapenari buruzko azterketa baikorra egin zuen Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak, eta behin-behineko dosierrak edo lanaldi murrizketak izan dituzten langileen erdia dagoeneko lantokira itzuli dela azpimarratu zuen. Hain zuzen ere, 25.500 behargin erregulazio egoeratik atera eta lanean ari dira, departamenduaren arabera.

Gaur egun, 27.000 langilek dituzte indarrean behin-behineko erregulazioak edo lanaldi murrizketak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Horietatik 13.000 bigarren txanda baten eraginpean daude honezkero, eta gainerako guztientzat baimendutako lehen kontratu etetea da.

Kontratuak behin-behinean eteteko edo langileak kaleratzeko 3.400 eskaera baino gehiago aurkitu zituzten enpresek Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren bulegoetan. Horietatik 52 bakarrik bota zituzten atzera euskal administrazioek, guztietatik %1,5. Beste 114 dosier bertan behera uztea erabaki zuten enpresek, aurkeztu ondoren. Eskaeren %95 baino gehiago aintzat hartu dituzte enplegu arduradunek, baina kasu gehienetan langileek eta enpresek aldez aurretik hitzartu dituztela azpimarratu dute. Hori dela eta, dosierren %85ean aldez aurreko akordioak tramitatu baino ez zuten egin lan administrazioek.

Erregulazioen ondoriorik larriena ia 3.500 pertsonek jasan zuten, ez baitziren lanera itzuli, administrazioek haien kaleratzea baimendu ondoren.

Industrian kalterik handien

Industria ekoizpenak %20ko baino gehiagoko erorketak pilatu zituen hilabetez hilabete, aurreko urtearekin alderatuz, eta hori erregulazioetan sumatu da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dosierren %71 industria arlokoak izan ziren. Hain zuzen ere, dosier guztietatik %37 metalurgian ari diren konpainiek aurkeztu zituzten, eta beste %11 makinagintzako enpresek. Zerbitzuetakoak izan ziren dosierren %19, eraikuntza sektorekoak %6, eta nekazaritzakoak %3.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.