Lan istripuen ondorioz iaz gaixo agiria 43.857 lagunek hartu zutela azaldu zuen Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak. In itinere izandako ezbeharrak aintzat hartuz gero, 48.365 ziren. Guztira, 2003an baino 5.456 gutxiago. Espainian lan istripuak %2,57 baino murriztu ez zirela azpimarratu zuten.Zerbitzuetan izan ziren lan ezbehar larri edo hilgarri gutxien. Istripua izateko aukera sektore horretan baino 1,4 aldiz handiagoa zen industrian; hiru aldiz handiagoa eraikuntzan eta zortzi lehen sektorean. Aurreko urtearekin alderatuta, alor guztietan murriztu ziren istripuak; eraikuntzan gehien.Eragin-indizea zortzi puntu murriztu zen. Alegia, istripua izan eta gaixo agiria hartu zuten beharginen zenbatekoa zortzi puntu jaitsi zen 2004an mila langileko. 2001ean 76,36 istripu baziren mila langileko, 60,72 ziren iaz. Ezbeharraren larritasunari erreparatuta, %12 murriztu zen istripu arinen eragin-indizea. %15 larriena eta %24 hilgarriena. Orotara, 73 istripu hilgarri izan ziren iaz, 2003an baino 32 gutxiago. Horietariko 20 lanera bidean gertatu ziren.Laneko jarduerak eragindako gaixotasun kopurua ere murriztu egin zen 2004an. Osalanen arabera, 3.030 jakinarazpen izan zituzten, 2003an baino 331 gutxiago. 45 urtetik gorako gizonezkoak ziren gehienak. Gipuzkoarrak gehiago, arabarrak eta bizkaitarrak baino.Estatistiken arabera, industria zen gaixotasunen bat hartzeko sektorerik arriskutsuena. Bere baitan, mineralak erauztearekin erlazionatutako lanak.
Sindikatuak, haserre
Osalan «eraginkortasunik gabeko erakundea» dela ohartu zuen ELAk. «Burokratikoa eta geldoa» izatea egotzi zion; baita «patronalaren urratsak» jarraitzea ere. Era berean, egungo beharrak asetzen ez dituela salatu zuen euskal sindikatuak. «Neurriak hartu beharrean, gertatzen dena bildu baino ez dute egiten».
UGTk, ostera, ELAri eta Confebask patronalari men egitea egotzi zion Osalani; osasun arauak zehatz ez betetzea LABek. Laneko medikuek Osalanek baimendutako aretoetan soilik behar egin dezaketela ohartu zuen, baina eskumen hori enpresen kaxara utzi eta edozein gunetan egiten direla salatu zuten.
-
Datua
%99
Istripua izan eta gaixo agiria hartzen den aldien %99tan ezbeharra arina izan da. Larriak edo hilgarriak %1 baino ez direla nabarmendu zuen Osalanek. Adinari dagokionez, 34 urtetik gorako beharginek ezbeharra izateko aukera arinki handiagoa dute; 1,8 aldiz handiagoa langileak aldi baterako kontratua badu.