Iaz baino 20.000 lagun gehiago ari dira lan bila Hego Euskal Herrian

Azken urtebetean, egunero 54 pertsonak galdu dute lana Hego Euskal Herrian, eta tasa %15,4ra iritsi da

Miren Garate.
Donostia
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Langabeen kopuruak azken urteetako daturik txarrena eman zuen otsailean, krisia hasi zenetik lehen aldiz 200.000 lagunetik gorako zerrenda osatu baita Hego Euskal Herrian. Otsailean ere gauzak ez dira hobetu, eta luzatu baino ez da egin lerro kopurua. 211.274 lagun zeuden Lanbideren eta Nafarroako enplegu zerbitzuetan izena emanda, urtarrilean baino 5.258 gehiago eta iaz baino ia 20.000 gehiago. Langabezia tasa %15,4ra iritsi da.

Enpleguarentzat ez da hilabete ona izaten otsaila. 2008ko otsailean ere, oraindik krisia hasteko zegoenean, gora egin zuen enplegu bila zebiltzanen kopuruak. Artean %8,4koa zen tasa. Hurrengo urteetan ere joera bera izan zen, baina 2009koan soilik galdu ziren aurten baino enplegu gehiago. Orduan, 6.564, eta, aurten, 5.258.

Eusko Jaurlaritza eta sindikatuak bat etorri dira eta adierazi dute murrizketa politikek kalte egin diotela enpleguari. «Argi dago: murrizketa politikekin eta ekonomia itotzen duten politikekin ezingo dugu zuzendu langabeziaren norazkoa», dio Jaurlaritzako enplegu sailak. ELAren esanetan, artifizialki ari dira defizita mantentzen, «nahi dituzten erreforma guztiak onartzeko». LABek lan erreformak gauzak gehiago okertuko dituela dio. «Kaleratzeak bizkortu eta kontsumoa uzkurtuko du». CCOOk eta UGTk azaldu dute etorkizuna gero eta beltzago ikusten dela.

Confebask patronala ere kezkatuta agertu da Espainiako enplegu zerbitzuek emandako datuekin, langabezia 1989tik izandako mailarik altuenera iritsi delako. Egoera konpontzeko, ordea, bestelako proposamena egin du. Haren hitzetan, lan erreforma eta halako neurriak beharrezkoak dira.

Hilabete arteko eta urte arteko konparaketak eginda, Nafarroan izan du hazkunderik handiena langabeziak. Nafarroako Gobernuak onartu egin du jarduera ekonomikoa moteldu egin dela. Arrazoi gisa, esan du hainbat sektore ekonomikorentzat, elikadurarentzat eta nekazaritzarentzat, esaterako, sasoi txarra izaten dela otsaila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.