Iazko lehen hiruhilekoan baino 2,3 puntu txikiagoa da langabezia aurtengoan, Eustaten arabera. Urtebetean %16,7tik %14,4ra jaitsi da langabezia tasa. Hau da, Iaz baino 26.400 langabe gutxiago daude hiru lurraldeetan, 150.700 guztira. Europako Batasuneko batez besteko langabezia tasatik urrun jarraitzen du oraindik, %8,9koa baita Eurostaten arabera.
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, batez ere Gipuzkoan jaitsi da gehien langabezia: %11,9koa da tasa, 4.400 langabe gutxiagorekin. Bizkaian aurreko hiruhilekoan baino 100 langabe gutxiago zenbatu ditu Eustatek, eta %16koa da langabezia tasa. Araban, berriz, 2015eko azken hiruhilekoan baino 400 langabe gehiago zenbatu dituzte aurtengo lehenengo hiruhilekoan, eta %14,5ekoa da tasa. Hiru lurraldeetako 872.400 familiatik 53.500etan pertsona aktibo guztiak daude langabezian, kopuru osoaren %6,1.
Biztanleria okupatuak 8.700 lagun irabazi ditu iazko lehen hiruhilekotik, eta 894.600 okupatu daude gaur egun. Batez ere emakumeak dira okupatu berri horiek, 6.700 hain zuzen. Afiliazioei dagokionean, Eustaten arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 828.000 pertsona daude Gizarte Segurantzan izena emanda.