Iaz baino 33 erregulazio plan gutxiago onartu dira EAEn

Lan merkatuaren datu positiboak nabarmendu, eta krisia gainditzeko «prestago» daudela berretsi du Jaurlaritzak

Mikel Carramiñana.
2008ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Arabako enpresaburuak eta beste zenbait pozik egoteko arrazoirik ez dagoela esan arren, Eusko Jaurlaritza baikor azaldu zen lan merkatuaren inguruko datu berriak zabaltzeko atzoGasteizen eginiko bileran. Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzak emandako datuen arabera, urtarriletik abuztura arte enplegua erregulatzeko 143 dosier onartu ditu Lan Agintaritzak aurten, iazko epe berean baino 33 gutxiago. Erregulazio planek eragindako langileen kopurua ere jaitsi da: 2.810etik 2.425era.

Arabako enpresetan bakarrik gehitu dira enplegu erregulazioak; izan ere, iaz zortzi izan ziren, eta aurten hamasei. Enplegu erregulazioak eragindako beharginen kopuruak ere gora egin du: 137tik 281era. Lurralde horretako datu txarrak aitortu arren, 147.000 laguneko lan merkatuan iaz baino 16 kontratu gehiago «bakarrik» hautsi direla nabarmendu zuen Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaileakatzo.

Gipuzkoan izan da enplegu erregulazioen jaitsierarik handiena, aurten iaz baino 22 gutxiago izan baitira. Erregulazio dosierrak onartu ondoren lana galdu dutenen kopurua, alabaina, handiagoa da aurten (405) iaz baino (196). Etendako kontratuak, berriz, 881etik 445ra jaitsi dira.

Bizkaiko enpresek, azkenik, iaz baino 19 dosier gutxiago aurkeztu dizkiote Lan Agintaritzari, etakaltetutako langileak 309 gutxiago izan dira aurten (1.287) iaz baino (1.596).

«Oso emaitza onak»

Enplegua erregulatzeko planen jaitsiera ez ezik, enpleguari buruzko gainerako datuak ere «oso emaitza onak» direla esan zuen Jaurlaritzako bozeramaileak, eta berretsi zuen krisialdiari aurre egiteko inguruko herrialdeak baino «prestago» daudela. EAEn krisi ekonomikoaren ondorioak «arinagoak» izango direla gaineratu zuen, eta enpleguari ere «eutsiko» zaiola.

SEA Arabako Enpresaburuen Elkarteak joan den astean eginiko salaketari erantzuteko -lidergorik ez izatea egotzi zioten Lakuari-, Azkaratek azaldu zuen Eusko Jaurlaritzaren politika Confebask patronalarekin adostea dela. SEAri, halaber, «diskurtso tremendista» erabiltzea leporatu zion, enpleguaren datuekin bat ez datorrelako.

Administrazioaren helburu eta ardura nagusia enplegu erregulazioetan lana galdu dutenek berreskuratzeko aukera izatea dela adierazi zuen Jaurlaritzako bozeramaileak. Askok, aldiz, «gauzak dauden baino okerrago daudela esatea nahiago dute, desiragarria ez den alarma sortuta», esan zuen Miren Azkaratek. Ahots horiek, alabaina, «Jaurlaritza ez dute aldenduko dituen helburuetatik».

Azkaratek, azkenik, langabezi tasari eutsi izana eta okupazioaren igoera nabarmendu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.