Zergak

Iaz baino %4,2 gehiago, baina espero zena baino %2 gutxiago

Ricardo Gatzagaetxebarriak azaldu du 2015ean 12.837 milioi euro bilduko dituela Jaurlaritzak.

Finantzen Euskal Kontseiluaren otsaileko bilera. Ezkerrean, Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua, Josu Erkoreka Justizia eta Herri Administrazio sailburua eta Ibone Bengoetxea Eudeleko presidente ohia. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria-Jon Olano
2015eko urriaren 14a
07:41
Entzun

Arratsaldean bildu da Finantzen Euskal Kontseilua Gasteizen, Lehendakaritzaren egoitzan. Aurtengo zerga bilketaren martxa aztertu, eta heldu den urterako aurrekontuak egiteko erabiliko den aurreikuspena egingo du Eusko Jaurlaritzako eta hiru foru aldundietako ordezkariak biltzen dituen organo horrek.

Espainiako Estatuko zenbait ordezkari politikoren adierazpenek Kontzertu Ekonomikoaren inguruko eztabaida azalerazi dute beste behin, eta bilera hasi aurretik, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ohartarazi du kupoa "ezinbesteko elementua" dela "Euskadiren eta Espainiako Estatuaren elkarbitzitzarako itun politikoan".

Jaurlaritzak, hiru aldundiek eta Eudelek adostutako adierazpen instituzional bat irakurri du Urkulluk. Nabarmendu du erkidegoa "solidarioa" dela eta "dagokiona baino gehiago" ematen duela.

Ondorengo agerraldian, Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak azaldu du 2015ean 12.837 milioi euro biltzea espero dutela, eta 2016an, berriz, bilketa 13.498 milioira heltzea.

Zergen bidez aurten espero bezainbeste diru ez dela lortuko uste da —Bizkaiko datuen ondorioz, nagusiki—, eta baliteke administrazio ezberdinek gastua murrizteko neurriak hartu behar izatea urtea amaitu bitartean. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak esan du murrizketak "saihetsezinak" izango direla.

Kupoak baino oihartzun gutxiago badu ere, Ekarpen Legea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako finantza sistemaren parte ezinbestekoa da. Hona haren funtzionamendua:

Zein da finantza sistemaren oinarria?

Euskal Autonomia Erkidegoak eta Espainiak dituzten harremanak Kontzertu Ekonomikoak arautzen ditu. Funtsean, zergetan eta finantzaketan EAEk dituen eskumen eta betebeharrak zehazten ditu kontzertuak. Finantza sistemaren gauzapen praktikoa beste bi legek finkatzen dute: Kupoaren Legea eta Ekarpen Legea. Motorra balitz, bi gurpil horien gainean mugituko litzateke Kontzertua.

Zeintzuk dira eskumenak?

Zerga bidez EAEn biltzen den diru guztia sartzen da sistemaren barruan. Itundutako zergak esaten zaie, Kontzertu Ekonomikoan hitzartuta daudelako. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek dituzte zerga arauak onartzeko eskumena, eta herrialde bakoitzeko ogasunari dagokio bilketa egitea.

Zenbat diru biltzen da?

2015. urterako zegoen aurreikuspena erabilita, itundutako zergen bidez 13.080 milioi euro biltzea kalkulatu zen. Hamar eurotik lau datoz BEZ Balio Erantsiaren Zergatik, eta beste 3,5 euro errenta zergatik. Bilketaren muina osatzen dute bi zerga horiek.

Zenbat doa kupora?

Diru bilketaren kalkulua eskuetan izanda, Espainiako Gobernuari ordaindu beharreko kupoa zein den da argitu beharreko lehen kalkulua. Hasiera batean, EAEko erakundeek jaso ez dituzten eskumenen truke ordaindu beharreko dirua da, baina ez bakarrik —Espainiako Gobernuak hartutako zorpetzetik ere zati bat ordaintzen du EAEk, esaterako—. Espainiak alor horietan egiten duen gastuaren %6,24 ordaindu behar dute Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek.

2015. urterako kupo likidoa 872 milioi eurotan kalkulatu zuten EAEko erakundeek, baina, zenbait egokitzapen eginda, benetan Madrili ordaindu beharrekoa 796 milioi lirateke. Behin-behineko emaitza da hori, 2007. urtetik kupoaren likidazioak adostu ezinik daudelako Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. Sistemak alde bakarreko arriskua du: zerga bilketa handiagoa edo txikiagoa izateak axola gabe, kupoaren ordainketari berdin egin beharko diote aurre EAEko administrazioek.

Behin kupoa kitatuta, zer gertatzen da?

Orduan sartzen da jokoan Ekarpen Legea, Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien arteko diru banaketa arautzen duena. Zerga bilketaren kalkulua eta banaketa legearen arabera egiten dira. Sistema horrek arrisku partekatua du. Zenbat eta diru gehiago bildu, orduan eta finantza baliabide handiagoak izango dituzte erakundeek banatzeko, eta alderantziz. Esaterako, aldundiren bat espero denaren azpitik geratzen denean —aurten, Bizkaiak— erakunde guztiei geratuko zaie diru gutxiago.

Zeintzuk dira ekarpenak?

2007. urteko Ekarpen Legean —ordutik ez da berritu, eta 2011. urtetik luzatuta dago— aldundiek Jaurlaritzari egin beharreko diru ekarpenak araututa daude. Jaurlaritzak eskumen gehienak ditu eta gasturik handiena, baina, zerga bilketa foru ogasunek egiten dutenez, horiek ordaintzeko dirua eman behar diote aldundiek EAEko gobernuari. Bi ekarpen mota daude: orokorra eta bereziak.

Zer da ekarpen berezia?

Kontzeptu zehatz batzuen truke aldundiek ordaindu beharrekoak dira. Hain zuzen ere, Ertzaintzaren finantzaketa, ezohiko ogasun gastuak, Hezkuntzaren Lege Organikoaren Garapena, eta eskumen berriak. 2015. urterako 447 milioi euro aurreikusi ziren, guztira.

Zer da aldundien ekarpen orokorra?

Behin kupoa eta ekarpen bereziak kenduta, geratzen den dirua banatzen da. Diru horretatik %70,04 dagokio Eusko Jaurlaritzari. Diru guztia batu, eta hamar eurotik zazpi ematen zaizkio. Koefiziente bertikala esaten zaio horri. 2015. urterako 8.290 milioi zeuden aurreikusita. Jaurlaritzaren diru iturri nagusia dira aldundien ekarpen horiek.

Nork ordaintzen ditu ekarpenak?

Aldundi bakoitzak ez dio berak bildutako diruaren %70,04 ordaintzen Jaurlaritza, alde biko harreman batean. Aldiz, diru guztia batu, eta hortik ordaintzen dira eskumen komunak. Aldundi bakoitzak zenbat diru jarri behar duen koefiziente horizontalen araberakoa da.

Zer dira koefiziente horizontalak?

Aldundi bakoitzak Jaurlaritzari zenbat diru eman behar dion arautzen dute. Kalkuluaren %70 herrialde bakoitzak duen errenta erlatiboa erabilita ateratzen da, eta beste %30 zerga ahalegina eta bilketa ahalmena aintzat hartuta. Formula matematiko konplexu bat beharrezkoa da emaitza ateratzeko. Aldaketa txikiak daude urtetik urtera, baina, arau orokor gisara, ekarpen orokorreko ehun eurotik 50 jarri ohi ditu Bizkaiak, 33 Gipuzkoak, eta 17 inguru Arabak.

Sistemaren desorekak zuzentzen dira?

Egokitzapen Funts bat du Ekarpen Legeak. Banatu beharreko diruaren %1 arte izan daiteke, eta horren helburua da herrialde bakoitzari bilketatik gutxieneko kopuru bat bermatzea. Funts hori Jaurlaritzak eta aldundi guztiek hornitzen dute, koefiziente bertikalen eta horizontalen ehunekoak erabilita. Aurten 118 milioi ditu aurreikusita. Diru horretatik 70 milioi Gipuzkoak eraman beharko lituzke, eta Arabak 47 milioi.

Zenbat diru jasotzen dute udalerriek sistematik?

Udal finantzaketa aldundien eskumena da. Ekarpen Legeak gomendio bat ematen die herrialdeei: dagokien diruaren %54,7 udalerriei ematea. Denek gainditzen dute gaur egun kopuru hori. Arabak eta Bizkaiak zerga bilketatik geratzen zaien diruaren %56 banatzen dute udalerrien eta tokiko erakundeen artean, eta Gipuzkoak, %58. Arrisku partekatua ere udalerriei iristen zaie: bilketa eskasago batek baliabide gutxiago emango dizkie.

Zein da Finantzen Euskal Kontseiluaren egitekoa?

Ekarpen Legean ezarritako banaketa egitea dagokio. Jaurlaritzako eta hiru aldundietako ordezkariak elkartzen ditu, eta urtean bi aldiz biltzen da. Urriko bilera da garrantzitsuena. Horretan hurrengo urterako zerga bilketaren aurreikuspena egiten da. Hots, zenbat diru jasotzea espero duten ogasunek. Garrantzitsua da, erakundeek aurrekontuetan zenbat gastatuko duten kalkulu horretan oinarritzen delako. Bilketak ez badu espero dena betetzen —aurten, esaterako— gastuan murrizketak ezarri behar dituzte erakundeek. Otsailean beste bilera bat egiten da, aurreko urteko bilketaren azken kitapena ezartzeko. Eudel ere bileretan izaten da, baina entzule gisa, botoa emateko aukerarik gabe.

Kritikak ditu Ekarpen Legeak?

Hasiera batean, irizpide tekniko zorrotzak dituen sistema da Ekarpen Legea. Praktikan, ordea, askotan akordio politikoak behar izan dira unean uneko desadostasunak eta arazoak gainditzeko. Legean ezarritako irizpideek —koefizienteen kalkulua— neutralitatea bermatzen dutela argudiatu da gobernutik, baina izaera arbitrarioa dute. Legea ez da 2007. urtetik berritu —kupoa ere ez delako eguneratu—, eta aldundiek hainbat kexa agertu dituzte. Gipuzkoak, esaterako, biztanleko geratzen zaion dirua besteei baino gutxiago dela salatu izan du. Arabak, berriz, kalkuluak egiteko leporatzen zaion errenta ez dela erreala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.