Antxoa ondo ikusi zutela. Hala esan zuten Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek ekainean, aurtengo kostera bukatu zutenean. Eta arrantzaleena irudipena baino zerbait gehiago zela erakutsi du Azti-Tecnaliaren azken azterketak. Iaz baino hiru aldiz antxoakume gehiago zenbatu ditu Bizkaiko Golkoan, eta ondo bidean, datorren udaberrian 100.000 tonakoa izango da biomasa.
Kopuru horrek erraz gaindituko luke 33.000 tonako zuhurtziazko biomasa. Hortik behera antxoak gehiegizko esplotazio arriskua duela diote; hain zuen, 2005ean horregatik debekatu zuten arrantza. Oraingo kopuruak mantentzera, datorren udaberrian arrantzaleek ez lukete inolako arazorik izango antxoa harrapatzera irteteko, betiere Europako Batasunak ezarritako kuotak errespetatuta. Datorren urteko ekainaren 30a bitartean Bizkaiko Golkoan 15.600 tona arrantzatzeko baimena emana du Europako Batasunak. Horietatik %90 -14.000 tona-, Bizkaiko, Gipuzkoako, Galiziako eta Kantabriako (Espainia) arrantzaleei dagozkie; gainerakoa -1.600 tona-, Lapurdi eta Frantziakoei.
Azti-Tecnaliak, Itsas eta Elikagaien Zentro Teknologikoak urtean bitan aztertzen duantxoaren egoera Bizkaiko Golkoan: maiatzean, zenbat arrautza dauden eta haien kokapena zein den jakiteko Bioman deituriko azterketa egiten du; irailean, berriz, antxoakumeak zenbatzeko Juvena deiturikoa. Bigarren azterketa hori egiten 2003an hasi zen, eta aurten adina antxoa ale sekula ez zituen zenbatu. Aurten, aztertutako 1.700 itsas milietan, 599.000 ale zenbatu ditu; iaz, 178.000 besterik ez. Hortaz, urtebetean biomasa bikoiztu egingo dela uste du Azti-Tecnaliak. Haren arabera, aurtengo maiatzean biomasa 50.000 tonakoa zen; datorren urteko maiatzean, berriz,100.000 tonakoa izango da.
Aurreikuspenak onak dira. Baina, badaezpada ere, ingurumen baldintzek antxoarengan eragin handia dutela nabarmendu nahi izan zuen Rogelio Pozok atzo, emaitzak aurkezteko Bilbon egin zuten agerraldian. Gutxi gorabeherako aurreikuspenak egiteko adinako esperientzia badutela azaldu zuen, bai eta datorren udan antxoa biomasa gutxieneko mailatik gora ibiltzeko probabilitatea oso handia dela adierazi ere. Baina ohartarazi zuen ezer ziurtatzeko goizegi dela oraindik. Horren erakusgarri da 2005ean gertatu zena. Orduko Juvena azterketan Azti-Tecnaliak 134.000 antxoakume zenbatu zituen; 2006ko udaberrian, berriz, biomasa 24.000 tonakoa besterik ez zen.
Hegalaburraz adostasunik ez
Emaitzak zuhurtziaz hartu beharra beraz. Baina atzo denak poztu ziren, bai arrantzaleak eta bai Eusko Jaurlaritza. Pilar Unzalu Arrantza sailburuaren hitzetan, «espezieari ez ezik, arrantza sektoreari eta haren inguruko industria guztiari ere bere onera etortzen lagunduko dio honek, batez ere kontserba industriari». Azti-Tecnaliak egindako azterketaren emaitzak Europako Batasuneko beste zientzialari batzuek egindakoek berretsi beharko dituzte datozen hilabeteetan.
Baina antxoa ez da arrantzaleei buruhausteak sortzen dizkien espezie bakarra. Izan ere, hura bere onera dator, eta hegalaburra okerrera doa. Bruselak harrapaketa kuotak jaistea proposatu zuen duela aste batzuk. Baina neurri horrek eragingo liekeen herrialdeetako arrantza ministroak ez daude hori onartzeko prest.Ozeano Atlantikoko atunarenkudeaketaz arduratzen den nazioarteko batzordea gaur bilduko da, Parisen. Hamar egunez espeziearen egoera aztertzen ariko da.
Iaz baino hiru aldiz antxoakume gehiago dago Bizkaiko Golkoan
Zuhurtziazko mugatik urrun, datorren udaberrian biomasa 100.000 tonakoa izatea espero du Aztik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu