Ekonomiaren hobekuntzak izan duen benetako hedapena tentuz hartzeko beste datu bat eskaini du Adecco enpresak gaur. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez besteko soldatak %1 erori dira pasa den urtean. Inflazioak ere atzera egin du —%0,3—, baina ez da aski izan ordainen galera estaltzeko. Hortaz, erosahalmena galdu dute langileek, %0,7 hain zuzen ere. Batez besteko ordaina 1.950 eurokoa izan da. Nafarroan 1.748 euro dira.
Barne produktu gordinak hazkundea izan du aurreko bi urteetan: %1,4 eta %2,8 izan da 2014 eta 2015 urteetarako, hurrenez hurren. Produkzioaren igoera hori ez da ordainetan islatzen ari, Adeccoren emaitzen arabera. Bosgarren urtez jarraian eroshalmena galdu dute EAEko soldatek. Pilatutako erosahalmen galera, guztira, %4,8 izan da 2010 eta 2015 bitartean. Edo, zenbaki borobiletan, 99 euro galdu dituzte langileek hilero. Nafarroan ere eroshalmena galdu dute langileek, baina apur bat gutxiago: %3,4
Azken bi urteetan batez besteko ordainen kopuru nominalak ere behera egin du. Hala ere, azken bost urteotako batez bestekoak aintzat hartuta, soldatek izandako hazkunde pilatua %1,9 izan da. Nafarroaren kasuan apur bat handiagoa da igoera nominala: %2,4
Soldatak sektoreka
Industria politikari buruzko eztabaida pil-pilean dago, eta Adeccoren azterketak azal dezake interes hori. Industria da batez besteko soldatarik handienak dituen jarduna. Hots, batez beste bigarren sektoreko langile batek 2.257 euro kobratzen ditu, batez bestekoa baino %15,8 gehiago. Hilero 307 euro dira aldea.
Zerbitzuek, aldiz, soldatarik eskasena dute: 1.855 euro hilero. Langile gehien dituen sektorea da —bi heren baino gehiago dira honezkero—, baina batez bestekoen azpitik daude %5. Batez besteko soldatan ere jaitsiera izan dute zerbitzuek iaz, %1,6 behera eginda. Industriako eta eraikuntzako soldatak igo dira, %0,3 eta %1,3 hurrenez hurren.