Iazko emaitzak berdintzea lortu du BBK-k

Urtarriletik irailera 259,7 milioi euro irabazi ditu Bizkaiko aurrezki kutxak, eta helburuak betetzen ari da

Erredakzioa
Bilbo
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Iazko emaitzak berdintzea da BBKren aurtengo helburua, eta lehen bederatzi hilabeteetan lortu du nahi zuena. Urtarriletik irailera 259,7 milioi euro irabazi ditu, iaz garai berean baino %0,1 gehiago.

Emaitza zertxobait hobetu arren, neurgailu batzuetan atzera egin du aurrezki kutxak. Haren negozio bolumena 47.623 milioi eurokoa izan da, iaz baino %2,1 txikiagoa. Emaitza hori diru merkatuetako egoera zailaren ondorio dela adierazi du erakundeak. Interes tasak baxu egonik, iaz baino %29,1 gutxiago irabazi du haietatik; baina komisioetatik %12,1 gehiago ateratzeak irabazi gordinaren jaitsiera %9,3koa izatea ahalbidetu du.

Beste neurgailu batzuetan, ostera, nabarmen egin du hobera. Bezeroen baliabideak %1,7 hazi dira, eta pentsio planen ondarea %6. Bizkaiko hipoteka merkatuan lider izaten jarraitzen du, eta sektoreko berankortasun tasa txikienetakoa du: %2,55koa, aurreko hiruhilekoan baino txikiagoa. Zalantzazko aktiboei aurre egiteko gaitasunean ere hobera egin du egitea lortu du BBK-k; %107,6ko estaldura du.

Ipar Kutxak ere, irabaziak

Urtarriletik irailera, 10 milioi euro irabazi ditu Ipar Kutxak, iaz garai berean baino %0,82 gehiago. Horren testuinguru zailean emaitzak hobetzea lorpen garrantzitsua dela nabarmendu du erakundeak. «Epe berean, %6,7 gutxiago irabazi dute Espainiako bankuek, eta %29 gutxiago aurrezki kutxek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.