ekoNOMIA

Iazko grebako pikete lanetan aritzeagatik 72 urteko espetxea eskatu dute 18 lagunentzat

"Bestelako modelo ekonomikoa aldarrikatzen dugunon kriminalizazioa bilatzen da", salatu dute ELA, LAB, EILAS, EHNE, ESK eta Hiru sindikatuek.

2012ko martxoaren 20a
16:00
Entzun

2011ko urtarrilaren 27ko greba orokorrean Gernika-Lumon pikete informatibo lanetan zirela lanuztea egin ez zuen langile bati bultzakada bat emateagatik, 72 urteko kartzela zigorra eta 108.000 euroko isuna eskatu du Fiskaltzak hemezortzi lagunen aurka, gaur Bilbon ELA, LAB, EILAS, EHNE, ESK eta Hiru sindikatuek jakinarazi dutenez —haiek deitu zuten grebara—.

Ertzaintzak identifikatu zituen lagun haiek denak, eta Fiskaltzak orain egin du eskaera, hurrengo greba orokorrerako astebete falta denean. "Beldurra sartzeko" egin du hori orain, sindikatuek diotenez.

Bakoitzeko zigor eskaera hiru urte eta bederatzi hilabeteko kartzela eta 6.000 eurokoa da.

Horrelako kasuekin-eta sindikalismoa "kriminalizatzeko etengabeko prozesua" dagoela salatu dute ELA, LAB, EILAS, EHNE, ESK eta Hiru sindikatuek. "Boterean daudenei ahaztu egiten zaie greba egitea eskubide bat dela, lan duina, osasungintza, hezkuntza eta etxea izatea diren moduan. 2009tik egin ditugun greba orokorren deialdietan izandako balorazio guztietan bi gauza azpimarratu dira: lortutako mobilizazio eta atxikimendu maila, eta greba egunetan izandako istilu falta. Irekitako prozesu judizial honekin bestelako modelo ekonomikoa aldarrikatzen dugunon kriminalizazioa bilatzen da".

Joan den urteko urtarrileko greba Espainiako Gobernuaren pentsio erreformaren aurkakoa izan zen. Datorren martxoaren 29koa lan erreformaren kontrakoa izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.