Turismoa

Iazkoa baino uda hobea espero du Jaurlaritzak, baina 2019koaren azpitik

Bi kanpaina berezi egingo ditu Turismo Sailak; lehena, Espainiara begira, eta bigarrena, etxe barrura

Donostiako Konstituzio Plaza, iazko udan. JUAN CARLOS RUIZ / EFE
xabier martin
2021eko ekainaren 14a
12:26
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburu Javier Hurtadok garbi esan du aurtengo udan ez dela pandemiaren aurreko turista kopurua jasoko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina 2020. urtean baino kopuru hobeak aurreikusten dituztela. "Jasangarritasuna, natura eta gastronomia" izango dira Turismo Sailak egingo dituen bi kanpainen oinarriak. Lehena "nazionala" izango dela esan du Hurtadok, alegia, Espainiako eta Kataluniako turistei begira egina; eta bigarrena "tokikoa", etxekoei begira egina.

"Euskadik segurtasuna erakutsi behar du, aniztasuna, natura, eta mundu mailako aitortza duen gastronomia", esplikatu du Hurtado sailburuak. Jaurlaritzak sektorea suspertu nahi du, gutxika bada ere, pandemiaren aurreko egoerara ahal bezain beste hurbiltzeko. Oraindik urrun geratuko da koronabirusaren aurreko egoera, baina iazko uda baino hobea espero dute turismo arloko arduradunek.

Euskadi, zure unea da, lekua da lelopean jarriko du martxan turismo kanpaina Jaurlaritzak, uztailaren 30era arte, "Euskadiren indargune guztiak" azaleratzeko. "Orain da unea indarra eta konfiantza berreskuratzeko", erantsi du Hurtadok. Sailburuak ez du ezuste handirik eman, eta gastronomiari aparteko garrantzia eman nahi diotela berretsi du, Euskal erara lelopeko kanpaina berezi baten bidez.

Neurri gogorren eragina

Turismoaren sektorea jo dute gehien pandemiari aurre egiteko gobernuek hartutako neurri zorrotzek. Jaurlaritza bereziki gogor aritu da Espainiako beste erkidego askotako gobernuen aldean, eta maskararen derrigortasuna edota ostalaritzan gehienez lauko mahaiak jartzeko derrigortasuna erabakigarriak izan daitezke turistek leku bat edo beste hautatzean. Horregatik, ostalaritzak berak, baina baita hotelak eta beste aterpe modalitateak zain-zain daude LABIk noiz aldatuko ote dituen jatetxe eta besteren ordutegiak eta beste zenbait mugak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.