Euri gutxi egiteak ez dio mesederik egiten Iberdrolari, energia hidroelektrikoa baita konpainiaren negozio handienetako bat. Urte hasieratik irailera artean, iazko datuekin alderatuta, baliabide horretatik argindar askoz ere gutxiago ekoitzi du Iberdrolak Espainian, %57 gutxiago, eta horrek 400 milioi euroko kenketa ekarri dio EBITDAn (ustiapeneko emaitza gordinean).
Euri faltak, ordea, ez du eragotzi Iberdrolak lehen hiru hileko hauetan bere emaitzak %18,4 handitzea, iazkoekin erkatuta, eta, guztira, 2.416 milioi euroren mozkinak pilatzea. Izan ere, nazioarteko negozioetan ez da lehorterik izan Ignacio Sanchez-Galanen konpainiarentzat.
Brasildik, esaterako, 508 milioi euroko gainbalioa etorri zaio kontuetara, Elektroren eta Neoenergiaren bat egitetik. Siemensen eta Gamesaren fusioarengatik Gamesak ordaindutako aparteko dibidendutik ere partea tokatu zitzaion Iberdrola akziodunari. Orotara, 255 milioi euroko gainbalioa ekarri dio. AEBetako negozioetatik ere etorri da dirua Iberdrolaren emaitzetara: Avangrid filialak 426 milioi euroren mozkin garbiak izan ditu.
Mozkin garbietan hazkuntza nabarmena izan duen arren, iazko epe berekoa baino EBITDA txikiagoa lortu du Iberdrolak; %5 txikiagoa, 5.440 milioi euroraino apalduta. Euri falta eta Erresuma Batuko negozio marjina txikiagoak izan dira horren erantzuleak, Iberdrolaren arabera.