Urtarriletik ekainera 1.506,4 milioi euro patrikaratu zituen Iberdrolak, iaz aldi berean baino %23 gutxiago. 2008ko tarte horretan lortutako ezohiko irabazi handiek azaltzen dute jaitsieraren zati bat, eta krisiak eragindako argindar kontsumo txikiagoa bestea.
Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentearen arabera, urteko lehen erdiko emaitzak ez dira urte amaieran islatuko, iazkoen antzeko mozkinak espero baititu. Batetik, Energy East konpainiaren irabaziak ere gehitu ahal izango dituelako. AEBetako filial horri esker, ustiakuntzaren emaitza gordina (Ebitda) %4,7 hazi da lehen seihilekoan; hura gabe %2,4 jaitsi da. Eta, bestetik, Hego Euskal Herriko eta Espainiako merkatuko kontsumoa suspertu egingo delako.
Galanen arabera, merkatu horietan kontsumoa %7aren bueltan ari zen gutxitzen urte hasierako hilabeteetan, baina %3 ari zen jaisten ekainean eta %2 uztaileko lehen erdian. Urritik aurrera, kontsumoa iazkoarekin parekatuko dela espero du. Kontsumoa ez ezik, merkatu liberalizatuko argindarraren prezioa ere igoko dela uste du Iberdrolako buruak, beharrak handitu ahala.
Iberdrolak %23 gutxiago irabazi du urteko lehen erdian
Kontsumoaren jaitsiera moteldu denez, urte amaieran iazkoen antzeko emaitzak espero ditu Galanek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu