Emaitzak

Iberdrolak 2.517 milioi euro irabazi ditu irailera arte, %20,4 gehiago

Konpainiaren inbertsio beteak bultzatu du mozkinetan, eta desinbertsioek ere lagundu dute emaitza ikusgarri horretan

Iberdrolaren akziodunen batzarra, aurten, Bilbon. LUIS TEJIDO /EFE
xabier martin
2019ko urriaren 30a
11:35
Entzun

4.727 milioi euroren inbertsioak egiten ari da Iberdrola, kopuru errekorra, eta horrek lagundu egin dio mozkinen hazkundean. Urteko lehen bederatzi hilabeteetan 2.517 milioi euroren irabaziak lortu ditu, aurreko urteko epe berean baino %20,4 gehiago. CNMV merkatu arautzaileari igorritako informazioan, Bilboko konpainiak jakinarazi du irabazi garbia %12 litzatekeela hainbat aldagai aintzat hartu gabe: gas kontratuen salmenta (89 milioi), zuntz optikoaren operazioa (49 milioi) eta ezohiko sarrerak (114 milioi).

Ustiaketa gordinaren emaitza (EBITDA) 7.499 milioi eurokoa izan da, %11,6 gehiago, eta fakturazioak %0,7 egin du gora, 26.457,5 milioi euroraino. Emaitza horiek kontuan hartuz, akziodunaren sariak %10,6 egin du gora (0,167 euro gordin akzioko). 2020ko otsailaren 5ean jasoko dute akziodunek dagokiena.

Ignacio Sanchez Galan presidenteak esan du eraginkortasun helburuak betetzen ari direla, eta inbertsioak azkartzeak eragin duela emaitzetan. Aktiboak txandakatzeko planarekin ari da konpainia aspaldian, eta bide orriaren helburua hiru urte lehenago lortu dela esplikatu du Sanchez Galanek, 2022. urte arteko tartea baitzuen zuzendaritzak. 2019an, East Anglia Onen zuen parte hartzea saldu du Iberdrolak, 1.700 milioi euroren truke; horrekin batera, salmentak egin ditu Erresuma Batuan (700 milioi), AEBetan eta Espainian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.