Iberdrolak haizea alde izan zuen iaz, eta bere historiako emaitza onenak izan zituen: 2.860,6 milioi euroko irabazi garbia, 2007an baino %21,5 gehiago, Iberdrola Renovablesek, nazioarteko jarduerak eta aktiboen salmentak haizatuta. 25.196,1 milioi euroren negozioa egin zuen, 2007an baino %44,2 gehiago.
«Krisi ekonomikoak gugan ere eragiten du, baina neurriak hartu ditugu gutxiago eragiteko», esan zuen atzo emaitzen aurkezpenean Ignacio Sanchez Galan konpainiako presidenteak.
Iberdrola Renovablesek 390,2 milioi euroko irabazi garbia izan zuen, 2007an halako hiru. Hazkunde handia izan du Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) eta Erresuma Batuan: potentzia instalatua %86,9 eta %74,3 handitu du, hurrenez hurren. Aintzat hartu behar da Eskoziako Scottish Power bereganatu zuela 2007an eta AEBetako Energy East iaz. Gaur egun munduko 44 herrialdetan lan egiten du Iberdrolak.
Banatu duen energia %13 hazi da, 181.794 milioi kilovatio orduraino. Produkzioa ere beste hainbeste, %14, 141.268 milioi kWh-raino. Instalatutako potentzia, berriz, 43.311 MWekoa da, honela banatuta: ziklo konbinatuetan %30,4, hidraulikoa %22,7, energia berriztagarriak %21,5, termikoa %10,9, nuklearra %7,7, fuel olioa %4,1 eta kogenerazioa %2,7.
Inbertsio gutxiago
Aurten iaz adina edo pixka bat gehiago irabaztea da Iberdrolaren helburua. Enpresaren plan estrategikoaren arabera, 3.500 milioi euro irabazi nahi ditu 2010ean.
Iberdrolak %78 murriztuko du inbertsioa aurten. Guztira 4.200 milioi euro inbertituko ditu, horietatik erdia Iberdrola Renovablesen. 2007an eta iaz 36.000 milioi euro inbertitu zituen.
Iberdrolak 2.860 milioi euro irabazi ditu 2008an
Etekinak konpainiaren historiako handienak izan dira, 2007koak baino %21,5 handiagoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu