Enpresak

Iberdrolak 480 milioi euro lortuko ditu Elektroren eta Neoenergiaren bat egitetik

Brasilgo argindar konpainiarik handiena izango da baturatik eratutakoa, eta haren kontrola izango du euskal enpresak, %52,45eko parte hartzearekin. Bat egitetik 480 milioi euroren etekinak etorriko zaizkio Iberdrolari aurtengo kontuetara.

Iberdrolaren haize errota parkea Currais Novosen hirian, Iparraldeko Rio Grande estatuan (Brasil). MARCELO SAYAO / EFE
Irune Lasa.
2017ko abuztuaren 25a
16:16
Entzun

Ustekaberik gabe, Elektroren eta Neoenergiaren akziodun batzarrek oniritzia eman diote bi konpainien bate egiteari, eta, horrela, Brasilgo argindar konpainiarik handiena eratuko dute, Latinoamerikako handiena bezero kopuruan (13,4 milioi). Iberdrola euskal konpainiak batuko diren Brasilgo bi konpainia horietan zuen parte hartzea —%100 Elektron eta %39 Neoenergian—, eta, orain, Gardoki kaleko konpainia talde berriaren akziodun nagusia izango da, %52,45eko parte hartzearekin.

Neoenergian bazkide zituenak izango ditu Iberdrolak lagun orain ere: %38,21en jabe izango da Caixa de Previdencia dos Funcionarios do Banco de Brasil (Previ), eta gainerako %9,35a Banco de Investimentosek hartuko du. Fusioa gehikuntza bidez egingo da. Neoenergiak kapital hedapena egingo du, eta Iberdrolak hura izenpetu. Trukean, Iberdrolarentzat izango dira Elektroren aktiboak. CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari jakinarazi dionez, Iberdrolak bat egitetik 480 milioi euroko "eragin positiboa" izango du aurtengo kontuetan. Iaz, Iberdrolak 2.075 milioi euroren irabaziak izan zituen.

Bat egitetik sortutako konpainia burtsaratzeko asmoa daukate jabeek. Haren aktiboek, Iberdrolaren arabera, 3.600 milioi euro balio dute, eta konpainia berriaren balio osoa 6.500-7.000 milioi euro bitartean finkatu dute. Konpainia erraldoiak 43 milioi biztanleko lurralde batean emango du zerbitzua, argindarraren banaketan, garraioan, sorkuntzan eta merkaturatzean.

Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak gogoratu du euskal konpainiak hogei urte daramatzala Brasilen, eta bitarte horretan 52.500 milioi erreal (13.600 milioi euro) inbertitu dituela herrialde horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.